La Cumbreren lagapena «gauzatzea» eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari
EH Bilduk La Cumbre eraikinarekin izaten ari diren gorabeherak eraman ditu urriko udalbatzarrera, kontrol mozio moduan. Izan ere, Juan Karlos Izagirre bozeramaileak gogoratu du iaz akordioa erdietsi zuela EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin La Cumbre udalaren esku gera zedin, baina hori egikaritzeko udal gobernua izaten ari den jarrera kritikatu du: “Zuei dagokizue akordio hori gauzatzea”.
Hori dela eta, Izagirrek eskatu du egin beharreko urratsak zehazten dituen egutegi bat sortu dezatela, urte amaierarako lagapena gauzatuta egon ahal izateko, eta eraikinaren erabilera memoria demokratikoa lantzen duten eragile sozialekin elkarlanean sortzeko: “Bada garaia biktima horiek guztiak horrelako leku bat izateko”.
Udal gobernuaren erantzuna
Udal gobernuak, bere aldetik, ez du begionez ikusi alderdi soberanistak eramandako mozioa. PSE-EErentzat “deitoragarria eta mingarria” da EH Bilduk memoria historikoari buruz hitz egitea, “ETAren biktimen omenezko zenbait ekitaldietara joateko gai ez direnean”. Akordioa PSOEren eta EH Bilduren artean egin bazen ere, Marisol Garmendia PSE-EEren bozeramaileak zalantzan jarri du proiektua “lehentasun bat” izatea, eta Gogora institutuak horrelako gaiak lantzen dituela adierazi du: “EH Bilduk orain bere institutua nahi du, bere biktimentzat”.
Alkateak, bestalde, gaia “modu maltzurrean” lantzea egotzi dio EH Bilduri: “Udal gobernuak udalbatzarrak eskatzen dituen gauzak kudeatzen ditu, baina gai hau ez da sekula hemen planteatu”. Hala ere, argitu du udala ez dela “oztopo” izango lagapena gauzatu ahal izateko, eta hurrengo urratsa Espainiako Gobernuari egitea dagokiola: “Madrilen ez duzue inoiz akordio hau betetzeari buruzko azalpenik eskatu”.
Era berean, Goiak uste du, “proiektuaren dimentsioagatik”, lagapena ez dela “udal mailari dagokion kudeaketa, gutxienez erkidegokoa” baizik. Horri lotuta, Eusko Jaurlaritzarekin dagoeneko lanean ari direla aipatu du, proiektuaren nondik norakoak zehazteko.
EH Bilduren kontrol mozioa ez da aurrera atera, EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu baitute.