PSE-EEk Donostiako egoitzari eraso egin diotela salatu du
Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensiok irmo gaitzetsi du Alderdi Sozialistaren Donostiako egoitzak –Prim kalea, 15– jasan duen erasoa.
Donostiako PSE-EEren egoitzan pintura gorria agertu da goizean fatxadaren gainean. “Ez da lehen aldia ezezagunek sozialisten egoitza erasotzen dutena aste honetan. Joan den asteartean, fatxadaren kontra ere eraso egin zuten, pintura gorriarekin”, salatu du Asensiok.
Asensiok gogor adierazi du “onartezina” dela, gaur egun, “jazarpen eta derrigortze kanpainak” egiten jarraitzea. “Egiten dituztenek, anonimotasunaren pean ezkutatuta egiten dituzte, iraganean ainguratuta jarraitzen dute eta eraso horiekin zerbait lor daitekeela pentsatzen jarraitzen dute”, nabarmendu du.
Idazkari sozialistak ziurtatu duenez, “behin eta berriz” jasaten ari diren erasoak gorabehera, ez dute etsiko “gizarte bidezkoago eta aurrerakoiago baten alde” borrokatzen jarraitzeko ahaleginean. “Gure printzipioekiko leial izaten jarraituko dugu, eta gure konpromiso demokratikoa erakusten jarraituko dugu gizarte honetan elkarbizitza bermatzeko”, azaldu du.
GBBaren egoitza ere erasotu dute
PSE-EEren Donostiako egoitza ez da izan pintura gorria jaurti dioten eraikin bakarra, izan ere, Gipuzko Buru Batzarraren (GBB) egoitzari ere berdina gertatu zaio. Imanol Lasa GBBko buruak ezker abertzalearen jarrera salatu du X sare sozialean: “Orain gutxi ezker abertzaleko agintari goren batek esan zuen pintura azetonarekin kentzen dela. Oraingoan ere seguru nago ez dutela gaitzetsiko. Zer elkarlan gauzatu daiteke elkarbizitza demokratikoaren gutxienekoak errespetatzen ez dituztenekin?”.
Eneko Goiak ere gaitzetsi egin du gertaturikoa: “Erabat gaitzesten dugu iraganeko garaietara garamatzan ekintza hau, defendatzen ditugun bizikidetza eta errespetu balioen guztiz kontrakoa dena”.
Horrela agertu da goizean GBB. Orain gutxi ezker abertzaleko agintari goren batek esan zuen pintura azetonarekin kentzen dela. Oraingoan ere seguru nago ez dutela gaitzetsiko. Zer elkarlan gauzatu daiteke elkarbizitza demokratikoaren gutxienekoak errespetatzen ez dituztenekin? pic.twitter.com/fXeWdrdpnf
— Imanol Lasa Zeberio (@ImanolLasa) October 26, 2023