Turistifikazioaren aurkako borroka Antiguan: oztopoak eta fruituak
Bizilagunekin plataformak Turistifikazioaren Aurkako Urria itxi du 'Turistifikazioa Donostian eta Antiguan' mahai inguruarekin.
Turistifikazioa Donostia osoan gertatzen ari den fenomenoa da, eta auzo bakoitzak bere modura pairatzen du. Horrela, Antiguako kasua izan zuten hizpide asteazkenean Lugaritz Kultur Etxean, desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak antolatutako mahai inguruan; plataformako kide Asier Basurtok, Heriz pasealekuko bizilagun taldeko kide Luisak eta Arriola pasealekuko bizilagun taldeko Aitorrek hartu zuten parte.
Bizilagunekin plataformak beti egin izan duen moduan, Basurtok saioaren hasieran argi utzi zuen Bizilagunekin “turistifikazioaren aurka” dagoela, eta ez “turismoaren aurka”, turismo eta hiri ereduari buruzko “eztabaida mahai gainean jartzea eta zabaltzea” delako euren helburuetako bat. Horrela, turistifikazioak “espekulazioa, herritarren kanporatze prozesua, hiriaren elitizatze prozesua, espazio publikoaren pribatizazioa, merkataritza txikiaren gainbehera eta euskararen zokoratzea” eragiten dituela salatu zuen, beste hainbat ondorioren artean.
Era berean, desazkunderako hamasei proposamen egin dituztela gogorarazi zuen, baina, batez ere, “herritarrak aktibatzea” dela garrantzitsuena. Hain zuzen ere, aktibatu diren Antiguako bi bizilagun taldek hartu zuten hitza jarraian: Heriz pasealekuan Koisi ostatuak sortzen dituen eragozpenen aurka borrokatzen ari den taldeak eta Arriola pasealekuan Basquepackers Urban Hostel aterpetxea geldiaraztea lortu duen taldeak.
Koisi eta bere terraza ilegala
Heriz pasealekuan dago Koisi ostatua, eta bizilagunek urteak daramatzate salatzen establezimendu turistiko horretako erabiltzaileek zarata handia sortzen dutela lehen “lasai-lasaia” zen kale horretan. Azken urteotan, Koisi erabiltzen ari den “terraza ilegala” da euren jomuga nagusia.
Izan ere, komentu izandako eraikina 2016tik da establezimendu turistiko, eta 2017an hasi ziren estali gabe eta kalera begira dagoen espazio bat terraza gisa erabiltzen, bizilagunak zaratarekin kaltetuz. Bizilagun taldea biziki kexatzen hasi zen orduan, eta Udaltzaingoak zenbait dezibelio neurketa egin zituen. Azkenean, 2017an, udalak inspekzio bat egin zuen, eta terraza itxiarazi zion Koisiri, beste hainbat irregulartasun aurkitzearekin batera. Ordea, 2020an terraza berriz erabiltzen hasi zen establezimendua, eta horren aurka gogor borrokatzen ari dira ordutik bizilagunak.
Hala ere, “oztopo” ugari daudela deitoratu zuen mahai inguruan bizilagun taldeko Luisak: “Hirigintza Saila, Ingurumen Saila eta Udaltzaingoa daude tartean, eta batak besteari pasatzen dio pilota, azkenean ezertara iristeko. Eta gu oso nekatuta gaude”. Ildo beretik jo zuen entzuleen artean zegoen Marije Manterolak, talde bereko kideak: “Oso tristea da herritarrek demostratu behar izatea udalak lizentziak ilegalki eman dituela eta dena guk egin behar izatea”.
Arriolako prozesu luzea
Arriola pasealekuan duela bi urte eta erdi inguru hasi ziren 15., 17., 19. eta 21. zenbakien artean dagoen sotoan 200dik gora plazako aterpetxe turistiko bat irekitzeko lanak egiten: Basquepackers Urban Hostel. Legez kanpokoa zela eta kalteak eragingo zizkiela iritzita, bizilagunak horren aurka antolatzen hasi ziren, eta bide judiziala ere abiatu zuten. Bizilagunak bereziki haserretu zituen establezimenduak larrialdi irteerak zenbaki horietako atarietatik egin nahi zituela: “Lasaitasuna kentzen dizu jakiteak zure atarian bizi ez den jendea zure atarian sartu daitekeela”.
Bizilagunak mahai inguruan azaldu zuenez, denbora aurrera joan ahala, “tentsioa areagotzen” joan zen. Bizilagunek ate bat baino gehiago jarri zuten aterpetxeko lanen eta atariaren artean, baina ateak bortizki bota dizkietela gogorarazi zuen bizilagunak, eta hori bideo honetan ere ikus daiteke, hain zuzen ere.
Azkenean, bizilagunek helegitea aurkeztu ondoren udalak emandako lizentziari, udalak kanpoko enpresa bati eskatu zion azterketa topografiko bat egiteko. Hain zuzen ere, egindako lanak eta obra handietarako baimena lortzeko aurkeztutako planoak eta dokumentazioak bat egiten zuten egiaztatzeko eskatu zuten azterketa hori. Azterketa topografikoaren emaitza ikusita, eta egiaztatuta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, udalak ziurtatu zuen baimena lortzeko emandako datuek ez zutela errealitatearekin bat egiten. Gainera, frogatu zuten lokalak ez dituela ostatu erabilera emateko baldintzak betetzen. Horrela, obra baimena bertan behera utzi zuen udalak iazko uztailean; hau da, bizilagunek lortu zuten ostatua geldiaraztea. Hori “garaipen txiki bat” dela gaineratu zuen Basurtok.
“Orain, epaileek erabakiko dute zer gertatzen den horrekin, guri ematen diguten arrazoia ala aterpetxearen promotoreari”, gaineratu zuen bizilagunak. Horren harira, entzuleen artean zegoen Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak Eneko Goiaren udal gobernuak agintean dagoenetik garatutako politikak jarri zituen fokuan: “Lizentziak itsu-itsuan eman dira, eta Arriola pasealekuko kasua da horren erakusgarri; baina bizilagunak zarata egiten hasi direnean hasi da udala mugitzen. Halaber, aipatu behar da promotoreak bost milioi euroko inbertsioa egin duela hor, eta epaileak establezimendua behin betiko itxiz gero, udalak bere gain hartu beharko duela hori konpentsatzea; hau da, guk, herritarrok. Hori ere urteotako politiken ondorio bat da”.
Antolatzeko beharra
Oztopoak oztopo, Arriolako bizilagunak nabarmendu zuen bizilagunak antolatuz gero, turistifikazioari aurre egin ahal zaiola: “Posible da aurre egitea, baina esan behar da zaila eta gogorra dela eta dirua balio duela prozesu judizialetan sartzeak”.
Antolaketa hizpide, Antiguan bizilagun guztiak antolatzeko eragile baten beharra mahai gaineratu zuten entzule batzuek zein hizlariek, Arriolakoa eta Herizekoa kasu zehatz batzuen harira sortutako taldeak baitira. Argi esan zuen entzuleetako batek: “Garai batean bazegoen Lugaritzen elkartzen zen talde bat, baina dagoeneko ez da existitzen, eta elkartu beharra dugu, turistifikazioari eta auzoko bestelako arazoei aurre egiteko”.