Amara Berriko Eguna ospatu dute auzoko hainbat eragile bultzatzeko
Hirugarrenez ospatu dute Amara Berriko Eguna eta ehunka lagun bildu dira Armeria plazan, auzoko hainbat eragile eta elkarteri babesa emateko. Adin guztietarako jarduerak egin dituzte 10:00ak eta 14:30ak bitarte; besteak beste, txistulariak, trikitilariak, dultzainak, haurren musika emanaldiak eta jolasak antolatu dituzte.
Goizetik, auzoko kaleetan zehar ibili dira Trikitixa Soinu Alai, Udal Txistulari Banda eta Ikasbideko Dultzainero Taldea, erraldoi eta buruhandiekin. Musika eta dantza ez ezik, postuetako aniztasuna ere izan da nagusi. Argazki erakusketa, antzerkia eta hainbat elkarte eta ikastetxeren informazioaz gain, haurrentzako tailerrak izan dira nagusi: aurpegi margoketa, marrazki bidezko txapen prestaketa, edo Ukrainan ohikoak diren koroen tailerrak egin dituzte, besteak beste.
Auzo Mahaiaren egitasmoa
Ekimena lehen aldiz 2021 urtean antolatu zen, Amara Berriko Auzo Mahaiaren bilera batetik abiatuta. Hain zuzen, auzoko elkarte eta erakundeek, beren jarduera-eremutik haratago, hausnarketak partekatzen dituzte 2020an sortutako plataforman, proiektuak diseinatu eta elkarrekin esparru soziokulturalaren aniztasunaren alde lan egiteko. Honako elkarte hauek osatzen dute taldea: Amara Berriko Auzo Elkartea, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, ARCCO, Ikasbide Elkartea, Chernobyl Elkartea, Urrats euskaltegia, Gobernu Zibila Kultur Etxe Plataforma, Easo Politeknikoa, Amara Berri ikastetxeko Guraso Elkartea eta Donostiako Udala.