Gipuzkoako haurren % 83 Eskola Kirola programan parte hartzen dabiltza
Bederatzi eta hamabi urte bitarteko ikasleen % 83 matrikulatu da eskola kiroleko programetan, foru aldundiaren arabera, eta Gipuzkoako ikastetxeen % 85ek eskaintzen du programa. Marta Pastor Gipuzkoako Aldundiko Kiroletako Zuzendariaren esanetan, Eskola Kirolaren kanpainan parte hartzeko izen ematea ixtear dagoen honetan, bistakoa da beste urte batez “datuak onak” lortu direla. Eskola Kirolak sei urteetatik hamabi urtera bitarteko haurren jarduera fisikoa sustatzea du helburu jolas eta kirol lehiaketen bitartez. Bi fase ezberdinetan banatzen da programa: sei eta eta zortzi urte bitartekoek Jolas Hezi programan hartzen dute parte; bederatzi eta hamabi urte bitartekoek, berriz, Multikirola programan.
Aurten lortutako datuak ez ezik, Gipuzkoako eskola adineko haurren jarduera fisikoa eta kiroleko ohiturak landu duten lehen azterlana ere aurkeztu dituzte foru aldundian.Hain zuzen, Gipuzkoako eskola kirolari buruzko haurren iritzia bildu zen. Orotara, 27 ikastetxetako 3.000 ikaslek hartu zuten parte, eta balorazio positiboa izan zen nabarmen, aldundiaren arabera: “Kontsultatutako ikasleen % 90ek baino gehiagok balorazio positiboa dute, eta % 68k oso ona edo bikaina dela uste du. Zerbait ondo egiten ari dela adierazten du».
Ildo horretatik, azterketaren arabera, 10 ikasletik ia 7k Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak betetzen dituzte, jarduera fisiko neurritsua edo bizia egiten baitute egunean gutxienez ordubetez. Aisialdian antolatu gabeko kirola edo jarduera fisikoa egiten dutenak 10etik 8 dira, eta % 85 modu antolatuan egiten dute. Nolanahi ere, genero arrakala antzeman dute Gipuzkoako haurrengan: «Matrikulazioen % 39 neskak dira; beraz, nesken aukera berdintasuna eta ahalduntzea sustatzeko estrategiak lehentasuna du». Azterketak, halaber,ikasleen ekarpenak egiteko bide eman du, kirol zerbitzuaren antolatzaileek azaldu dutenez.
Bestalde, Marta Pastor kiroletako zuzendariak, jarduera fisikoa egiteaz gain, kirol gutxituak ezagutarazteko bide ematen duela nabarmendu du: “Boleibola, judoa, saskibaloia edo futbola, baina baita gutxi praktikatzen diren kirolak ere, hala nola arku-tiroa, esgrima edo eskalada. Eta horrexek egiten du hain berezia programa hau”; izan ere, Eskola Kirolaren babespean, modalitate horietako klubak sustatu daitezke eta haurrei beste kirol-diziplina batzuk probatzen utzi. Era berean, “kirol jardunaz harago” doan programa dela adierazi d; izan ere, “ikasleentzat irekita dago, kirol-maila, maila sozioekonomikoa edo bizilekua edozein dela ere”.