Heriotzaz eta doluaz hausnartzeko jarduerak antolatu ditu udalak
Bidegin,Gipuzkoako dolu laguntzarako zerbitzuak eta Donostiako Udalaren Osasuna Sustatzeko Atalak eta Donostia Lagunkoiak elkarlanean antolatu dute ‘Heriotzari bizia ematen’ egitasmoa, ‘Heriotza garrantzitsua delako’ lelopean, urriaren 31tik azaroaren 5era.
Heriotzari Bizia Ematen jaialdiaren 4.edizioan Euskal Herriko hainbat udalerrik parte hartuko dute, tartean, Donostiak. Heriotzaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, hainbat jarduera egingo dira eta horien helburu nagusia hausnarketarako laguntza ematea da, “hiltzeaz hitz egiten dugunean, zer behar dugun, zer nahi dugun eta zer gertatzen zaigun hausnartzeko”.
Sustatzaileek elkarrizketa guneak sortu nahi dituzte, “heriotzari buruz eta prozesu horrek dakarrenari buruz, beldurrik gabe hitz egiteko, aske eta eroso sentituz”. Azaldu dutenez, “heriotzak eta heriotzaren prozesuek beti jartzen digute zalantzan funtsezkoa dena, benetan axola zaiguna eta gure bizitzei eman nahi diegun zentzua. Kosta egiten zaigu hilkorrak garela aitortzea, bizitzaren iragankortasuna onartzea; izan ere, hori egitean, une bakoitzaren iraunkortasun ezaz jabetzen gara”.
“Gaur egun badakigu heriotzaren eta hiltzeko prozesuaren aurrean isiltzen bagara, gehiago sufrituko dugula”, antolatzaileek adierazi dutenez. “Elkarren laguntza behar dugu, orain are gehiago, egun biomedikuntza lehenesten delako hilzorian dauden pertsonen harreman-premien gainetik, aldamenean egon nahi duten senideen beharren gainetik. Jaialdiaren leloarekin, heriotzak garrantzia duelako, arreta jarri nahi dugu errealitate horretan, norberaren beharrak eta harremanak erdigunean jarrita. Beraz, axola zaigunaz hitz egingo dugu”.
Donostiako egitarauari dagokionez, Isiltasuna Afiantzen izeneko omenaldi musikala antolatu dute urriaren 31n eta azaroaren 1ean 12:00etatik 14:00etara Polloeko hilerriko zenbait lekutan. Bestetik, azaroaren 1etik 5era, Antiguako tuneleko oinezkoen pasabidean ‘Hil aurretik nahi dut… horma’ instalazio parte hartzailea izango da.
Azkenik, heriotzaz hitz egiteko lagungarria den egitasmoa egingo dute azaroaren 4erako: 11:30etatik 13:00etara bi talde antolatu dituzte, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Doakoa da eta izena eman beharko da aurrez, osasuna@donostia.eus helbidean edo 943483878 telefono zenbakian izena emanda.