Hezkuntza Lege berriaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute
Milaka pertsona batu dira Donostian Euskal Eskola publikoaren aldeko manifestazioan, Hezkuntza Lege berriaren aurka daudela adierazteko. Iaz Bilbon egin zuten manifestazio berbera, baina, ordutik, “kezkak areagotu” egin direla nabarmendu zuten atzo (hilak 29) egin zuten manifestazioan. “2022ko apirilean Hezkuntza Akordioa sinatu zenetik, Hezkuntza Sailak sare pribatu-itunduaren alde jokatu du behin eta berriro, herritar guztiona eta benetako zerbitzu publikoa den Euskal Eskola Publikoa sendotzeko neurriak hartu beharrean”, salatu zuten.
Hainbat alderditan oinarritzen dute Hezkuntza Lege honekiko desadostasuna. Alde batetik, uste dute ez duela eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzen. “Publiko-pribatu sistema duala betikotu nahi du, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa asmakizun eufemistikoaren bidez. Ondorioz, sare publikoa eta pribatua berdindu egiten ditu”, nabarmendu zuten. Bestalde, euren ustez, ez du eskola publikoa lehenesten, “aldiz, itunpeko ikastetxeei aro luze baterako garapena zein finantzaketa bermatzen die”.
Horrez gain, pentsatzen dute ez duela “neurririk hartzen ikasle guztiak euskalduntzeko”, ardura hori ikastetxeen esku utziz. “Eusko Jaurlaritzak argi utzi du egungo hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dutela, euskalduntze prozesurako eraginkorrak ez direla denok jakin arren”, salatu dute. Gainera, ikastetxe guztiak merkatuaren logikan sartzen dituela adierazi dute, “hezkuntza merkantilizatuz”.
Eskola segregazioari dagokionez, arazo horri aurre egiteko neurriak “azalekoak” iruditzen zaizkie, “ez baitu arazoaren sustraira jotzen”. Eta, bestalde, uste dute Hezkuntza Lege berriak ez duela hezkuntza laikoa “bermatzen”.
Gainera, Euskal Eskola Publikoaren aldeko hainbat eragilek (Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma, Ordiziako Urdanetarrak Eskola Komunitatea, Urola-Kostako plataforma, Aiaraldeko Eskola Publikoa Bizirik, EHIGE gurasoen elkartea, Eskola Laikoa, HEIZE, ILP eskola inklusiboa, Gonzalo Larruzea – Hezkuntza Antolakuntzan doktorea-, Adarra pedagogia kolektiboa…) “ekarpen sendoak” aurkeztu zizkien Hezkuntza Legeari ekainean, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. “Alabaina, bertan egindako ekarpenak ez dira aintzat hartuak izan. Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio Eskola Publikoaren alde egindako eta esandako guztiari”, salatu dute.
Horrela, Euskal Eskola Publiko unibertsala, inklusiboa, orekatzailea, anitza, euskalduna, laikoa, kalitatezkoa, hurbila eta doakoa aldarrikatu dute. “Eskola Publikoa denona eta denontzat da, ateak zabalik dauzkalako mundu guztiarentzat. Eskola publikoa benetan erdigunean jarriko duen hezkuntza nahi dugu, gizarte kohesioa eta berdintasunezko hezkuntza euskalduna bultzatuko dituena”, nabarmendu dute.
Legebiltzarreko alderdi guztiei eskatu diete, hurrengo asteetan eztabaidatuko dituzten zuzenketen harira, “Legearen sakoneko mamia birpentsatu eta bertan behera utz dezaten sare pribatuko ikastetxeen interes partikularrak mantentzen dituen lege hau, guztiona den sare publikoa bazterrean uzten duen bitartean”.