«Hiri zuhaizti» baten itxura izango du Irun plazak
Amara Berriko Irun plazan esku hartze bat egingo du udalak, itxura “begetalagoa” izan dezan. Hain zuzen ere, zuhaitzak, zuhaixkak eta bestelako landare txikiagoak jarriko dituzte biribilgunearen erdiko gunean, egungo loreen eta landare txikien ordez. 47.000 euroko aurrekontua dauka esku hartzeak, landareak automatikoki ureztatzeko sistemaren berritzea barne; proiektua K1 Ekopaisaia enpresak diseinatu du, eta lanak hilabete eta erdian egingo dituzte, “ondo bidez eta eguraldiak horretarako aukera ematen badu”, udalak esan duenez.
Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak azaldu duenez, “plazak hiri zuhaizti baten itxura izango du, eta landaketen arabera bereizitako eremuak izango ditu, multzoa nabarmentzeko. Gainera, biribilgunearen buru den eskultura multzoari balioa eman nahi zaio. Multzo horrek 1813ko abuztuaren 31ko gertakari tragikoak gogorarazten ditu, eta Aitor Mendizabalen lana da”.
Alde batetik, punta gorriko gramineoak landatuko dituzte, ikatzezko lur estalki baten gainean, “Donostia suntsitu zuen suari erreferentzia eginez”. Bestetik, neguan lore horiak botatzen dituzten zuhaixkak landatuko dituzte, baita enbor gorriak ere, “garai hartako sua gogora ekarriz”.
Bestalde, Garmendiaren arabera, “udaberriko loraldiek gogora ekarriko dute bizirik atera zirenek hiria ia hutsetik berreraikitzeko hartu zuten erabakia. Gainera, setioaren biktimen oroimenez, hamasei altzifre landatuko dira”. Goitik ikusita, gurutze forma izango du paisaiak, eskultura erdian duela.