Ikusgai dago Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 'Bruixes - Sorginak - Brujas. Akelarre ilustratua' erakusketa
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Asteko Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua erakusketa irekita dago azaroaren 12ra arte Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo).
Borja Crespo komisarioak azaldu duenez, erakusketak 24 emakume azti biltzen ditu, komikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotuak, eta fikzioan funtsezkoa den irudikapen bati ohore egiteko bildu dira. Erakusketak, erritu legez, magiaz eta fantasmagoriaz blaitutako irudiak jasotzen ditu, pandemonium koloretsu eta jolasgarriaz gozatzeko propio sortuak.
Mireia Perezek figura historiko baten boterearen alde egiten du apustu: Ana Bolena, Isabel I.a erreginaren ama. Burua moztu zioten, adulterioa, traizioa eta sorginkeria leporatuta, senarrak antolatutako epaiketa maltzur baten ondoren. Zurrumurruek zioten deabruaren marka ezkutatzen zuela bularrean, eta sei hatz zituela esku batean. Delfosko pitiek ere inspiratzen dute Perez bere obra aztoratzailean.
Haren aldamenean, Sara Beak, bere estilo bereziarekin, igarle automata bat gurutzatzen du, Zoltar ospetsua bezala, The Love Witchekin, eta Sara Solerrek ile urdineko sorgin dardarti baten poza erakusten du, agian gaiztoa, bere pertza zoragarriarekin. Ana Galvañek akelarre postmoderno bat muntatu du, bisualki erakargarria, eta Carla Berrocalek irudi sutsu bat sinatzen du, deabruzko bakanal bat, Beeltzebubeko erresumaren ohiko ideiaren oso bestelako ahalduntze ikuspegi batekin.
Sandra Uvek, sorgindutako trazu baten bidez, beren generoagatik eta zoritxarragatik, beti arrazoirik gabe, gizartetik kanporatutako emakumeei buruz hitz egiten du, naturarekiko haien ezagutzari eta enpatiari esker biziraun zutenei buruz. Josune Urrutia eta Mabel Esteban ere izan dira inbokatuak artista sorta honetan, beren talentuaren magiarekin sinbolo baten garrantzia omentzeko, zeina protagonista den milaka alegiatan eta presente dagoen gure historiako pasarte beldurgarri batzuetan, bere edertasun zoragarriarekin, agian maltzur eta beti magnetikoarekin.
Sorgindutako erakusketa iradokitzailean gure egungo panorama grafikoko ezinbesteko izen gehiago daude: Natacha Bustos, bidaia haluzinogeno bat proposatzen duena hagaxka magiko batekin hegazti liluragarri baten gainean; edo Nadia Hafid, 1990eko hamarkadan sorginek zeluloidean figura hipnotiko gisa izandako boomaren eragina jasota.