Maria Jose Bravo eta Javier Rueda biktima gisa aitortu ditu Balorazio batzordeak
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak beste 66 biktima aitortu ditu 2022-2023ko ikasturteko txostenean, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean egindako agerraldian jakinarazi duenez. Horien artean daude Maria Jose Bravo eta Javier Rueda donostiarrak eta Joxi Zabala tolosarra. Bihar, hilaren 31n, biktimen omenezko ekitaldi ofiziala egingo dute Kursaalean.
Bravo eta Rueda Loiola auzoko bizilagunak ziren, eta 16 urte zituzten Batallon Vasco Español (BVE) talde ultraeskuindarrak eraso zituenean, 1980an. Zorroaga pasealekuan eserita zeudela egin zieten eraso, eta Bravo bortxatu eta bertan hil zuten. Rueda, aldiz, larriki zaurituta utzi zuten, eta handik zortzi urtera hil zen, zaurien ondorioengatik. BVEk hilketa aldarrikatu zuen, baina ez zuten inor epaitu krimenarengatik, eta orain arte ez zuten aitortza ofizialki. Orain, estreinakoz, euren familiek kalte ordainak kobratu ahalko dituzte; 1.614.007 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak 66 biktimen kalte ordainak ordaintzeko.
2022ko uztailetik 2023ko ekainera, 131 espedienteren aztertu dituzte, eta 66ri eman diete aitortza, 64 epez kanpo aurkeztu izanagatik baztertu dituzte eta bat beste arrazoi batzuengatik bota dute atzera. Aitortu dituzten 66 kasuetatik, 48 Gipuzkoan gertatu ziren eta hamar Euskal Herritik kanpo; gehienak 1970eko hamarkadakoak dira. Bestalde, biktimetako hamaika emakumeak dira, eta bi herenek 24 urte edo gutxiago zituzten urraketak pairatu zituztenean; bost 16 urtetik beherakoak ziren. Horrez gain, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia dira biktimarioak kasu gehienetan: hamazazpi kasutan Guardia Zibila, 32tan Espainiako Polizia eta hamaikatan biak. Halaber, BVE, Triplea A, ANE, GAL eta Guerrilleros de Cristo Rey talde parapolizialekin lotutako kasuak daude jasota txostenean.
Horrela, nabarmentzekoa da torturak pairatu zituzten 49 biktima aitortu dituztela, segurtasun indarrek hildako bederatzi, tartean Joxi Zabala eta Josu Mujika. Erreferentzia egin diote Joxean Lasari ere, baina ez diote aitortza egin, “senideek ez zutelako aitortza eskaera egin legean ezarritako epearen barruan”.
Zailtasunak
Batzordeak zenbait erakunderekin izan ditu harremanak instrukzio lanak egiteko, eta, kasu gehienetan “elkarlanerako” jarrera izan dutela azaldu dute, baina zailtasunak ere izan dituztela salatu dute: “Jarrera bereziki oztopatzailea izan dute artxibategi militarrek, orain artean egindako eskaeren artetik batean soilik eskuratu ahal baitugu dokumentazioa”. Halaber, salatu dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako auzitegietako espedienteetako informazioa eskuratzeko “zailtasun handiak” izan dituztela, eta erakundeei eskatu diete lan hori errazteko.