Datorren astean onartuko dute Loiolako kuartelen salerosketa
Loiolako kuartelen salerosketa datorren asteartean (hilak 7) onartuko du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, Eneko Goia alkateak Politika Orokorreko Udalbatzarrean jakinarazi duenez. Horrela, udalak 73,3 milioi euro ordaindu beharko ditu, eta hogei hektarea baino gehiagoko eremu bat bereganatuko du, hiriaren aldarrikapen historiko bati erantzuna emanez. Bertan 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak, baita “ekipamenduak eta berdegune berriak” ere, Urumearen ibarrean auzune berri bat sortuz.
Iazko azaroan adostu zuten salerosketa udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak, eta salerosketa “urte amaierarako edo 2023ko hasierarako” sinatzea aurreikusten zuen orduan alkateak; ordea, atzerapen nabarmenarekin iritsiko da sinadura. 73.323.373,38 euroan finkatu zuten orduan salerosketa prezioa, eta kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da.
Bestalde, Defentsa Ministerioak konpromisoa hartu zuen instalazioak lau urteko epean uzteko. Hau da, militarrek han jarraituko dute momentuz, eta aurreikuspena da kuartelak ibaiaren beste aldera lekualdatzea, hipikara, hori ere Defentsa Ministerioarena delako.