Eguraldiagatik alertak eta abisuak aktibatuko dituzte bihartik aurrera
Udalak jakinarazi duenez, bihar (azaroak 1) iluntzetik aurrera iragarrita dagoen eguraldiari aurre egiteko neurriak hartu ditu Babes Zibilak. 21:00etatik aurrera alerta laranja ezarriko dute haizeagatik, eta ostegunean 05:00etatik aurrera abisu horia olatuengatik —12:00etatik aurrera alerta laranjara igoko da—.
Haizeari dagokionez, alerta laranja bihar 21:00etan sartuko da indarrean, haize ufada handiak espero baitira, eta ostegun osoan ere berdin mantenduko da. Hori dela eta, Gladys Enea, Serafin Baroja eta Oroimenaren parkeak itxi egingo dituzte, eta beste batzuetan itxiera partzialak egingo dira: Aieteko parkean Topalekura eta kultur etxera soilik sartu ahalko da, Urgullen Orixe ikastolara, eta Miramar Jauregian Loretopea eta Mirakontxa arteko bidea soilik egongo da zabalik.
Olatuengatiko abisu horia ostegun goizaldean aktibatuko da, 05:00etan, hain zuzen. Tarte horretatik aurrera Pasealeku Berria itxita egongo da ibilgailuentzat, eta oinezkoak tentuz ibili ahalko dira. 12:00etatik aurrera, ordea, abisu horia alerta laranja izatera pasatuko da, eta ondorioz oinezkoek ere debekatuta izango dute bertara sartzea. Pasealeku Berriaz gain, Haizearen Orrazirako sarbidea eta Leizaola pasealekurako sarbidea (Zurriolako kai-muturra) ere itxi egingo dituzte.