'Pake Pieza' ostiralean argitaratuko du Mikel Azpirozek, bere laugarren piano diskoa
Mikel Azpiroz pianista donostiarrak Pake Pieza diskoa argitaratuko du ostiralean (hilak 3), eta larunbatean aurkeztuko du zuzenean, Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, 19:30ean. Bere laugarren piano diskoa da, Gaua (2013), Zuri (2016) eta Islak (2020) lanen ondoren, eta Karlos Aranzegi bateria jotzailea izan du bidelagun. Aurkezpen kontzertuan Fernando Neira kontrabaxu jotzailea ere egongo da, eta sarrerak hemen erosi daitezke.
Azpirozek idatzitako bederatzi abestik osatzen dute diskoa: Pake Pieza, Urteak, Gadjo Dilo, Mendian, Eskerrak Atte, Elkartasun Doinua, Berastegi, Sahara Eusten eta Gaueko Trena. Musikari donostiarrak berak ekoiztutako lana da, eta Mamusikekin argitaratu du, bere argitaletxe propioarekin. Bestalde, azala Julio Villar abenturazale, mendizale, idazle eta artista donostiarrak egin du; hain zuzen ere, hedabide honek Villar elkarrizketatu zuen iazko azaroan, E, petrel! liburu ezaguna euskaratu zutenean.
Ibilbide luzeko musikaria da Azpiroz, eta kutsu intimista handiko musika egin du aipatu piano diskoetan. Elkano Browning Cream taldea ere badauka, eta hamabost urte baino gehiago daramatzate jotzen; blues kutsuko musika egiten dute, baina euren ukitu propioarekin. Hain zuzen ere, 2021ean atera zuten Eup! azken diskoa, eta hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen orduan Azpirozekin.