Udaletxeko eta aldundiko langileek elkarretaratzea egin dute euskararen normalizazioaren aurkako epaiak salatzeko
Udaletxeko foru aldundiko eta Uliazpiko langileek elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiaren atarian, LAB eta ELA sindikatuek deituta, euskararen normalizazioaren aurkako epaien aurka. Udal eta foruko langileek kezka eta desadostasuna adierazi dute, bete-betean eragiten baitie epaiak, eta Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon antolatu duen manifestazioan bat egitera deitu dute. Gipuzkoako Foru aldundiko LAB sindikatuko kide Edurne Lizasok prozesua bertan behera uztea eskatu du, langileen hizkuntza eskubideak bermatu daitezen: “Ez zaigulako zeharo inguru euskaldun bat izateko aukerarik ematen, eta herritarrek ere administrazioekiko izan dezaketen hartu emana urratua dagoelako”.
Legearen ezpata gainean izanik
Epaien eraginaren inguruan ere mintzatu dira udaletxeko langileak. Donostiako Udaleko LAB sindikatuko Sail Sindikaleko kide Joseba Alvarezen arabera, “epaileek egin dute politika” eta “harrigarria” da, “irakurketa aldaketa” baten bitartez 40 urteren ostean egindako lana atzera bota izana: “Euskararen legea egin zenean, horrekin entretenituko ginela uste zuten, baina lege exkax horrekin ere aurrera egin dela ikusi dutenean, frenoa jarri nahi izan diote”. Horren aurrean, argi du euskararen legea bermatzeko neurriak hartu edo legea osotasunean berritu behar dela: “Argi dago hizkuntza bat ez dugula dekretuz normalizatuko, baina legeek euskararen kontrako erasoak oztopatu behar dituzte, eta ez agente aktibo bihurtu”.
Ezinegona da nagusi udal langileen artean eta kezkaz begiratzen diote etorkizunari. Azaldu duenez, 40 urteetan ahalegin handia egin dute langileek euskaraz ikasi eta egiteko, eta administrazioak ere ikaskuntza hori bultzatu du. Orain, ordea, esfortzua saritu ez eta etorkinean baliorik izango ote duen zalantza da nagusi: “Langileek ez dute ikusten beraiek egindako lana abantaila izango ote den , eta errekurtso horiek aurrera egiten badute hemendik aurrera mereziko ote duen, zalantza dute” azaldu du Alvarezek.
Frustrazioarekin dihardute ere Uliazpi Fundazioko langileek. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko fundazioan euskararen ezagutza aintzat hartzea legez kanpokoa zela ebatzi zuen martxoan, eta geroztik, langileek “segurtasun gabezi nabarmena” dutela azaldu du Jon Txasko Uliazpi fundazioko zaintzaileak. Adierazi duenez, itxaropena ez dute galdu oraindik, baina oposizioak atera zituztenak “txikituta” daude. “Pentsatzen dute denborarekin gauzak aurrera aterako direla , baina plaza badute ere, beldurrarekin daude; ezpata bere gainean dutela beti”, gaineratu du.