6.000 hiritarrek hartu dute parte Partaidetzazko Aurrekontuen bozketan

Hamabost proposamen izan dira 2024rako eta 2025erako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren finalistak. 5.939 donostiarrek aukeratu dituzte, azken bi asteetan 116 lehentasunezko proposamenen artean bozkatu ostean.
Udalak azaldu duenez, proposamen finalisten kopuruak eta bozketan parte hartu duten pertsonen kopuruak gora egin dute (2021ean baino %59 gehiago), “eta horrek adierazten du parte-hartze prozesuak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla herritarrengan”.
Proposamenak lehenestea
Proposamen finalistak herritarrek egindako bozketen arabera antolatu dira. Herritarrek 116 proposamenen artean aukeratu behar zituzten lehentasunezko bost proiektuak. Sailkapen horren ondoren, gauzatu beharreko proiektu guztiak zehaztu dira, bakoitzaren aurrekontuaren eta programa horretara bideratutako aurrekontu orokorraren arabera (1,5 milioi 2024rako eta 1,5 milioi 2025erako, eta 363.968 euro 2024an Ekialdeko Barrutiko proiektuetarako).
Horrela, 2024an, Ekialdeko Barrutiko bi proiektu jarriko dituzte martxan, eta bost hiriaren gainerakoan; 2025ean, berriz, zortzi proiektu egingo dira Donostian, Ekialdeko Barrutiak ekitaldi horretarako aurrekontua ezarri zain.
Ekialdeko Barrutiaren kasuan, bigarren proposamen bozkatuenari 2025eko aurrekontuan eman zaio lehentasuna, 2024ko aurrekontuan sartu beharrean; izan ere, lehen proiektuak ekitaldi honetarako aurreikusitako aurrekontu-partida ia agortu du. Beraz, 2024an (esleitutako 363.968 euroekin) lehenengo eta hirugarren proiektuak gauzatuko dira, eta bigarrena, berriz, 2025erako esleitutako partidarekin.
Gauzatuko diren proiektuak
Horrela, Ekialdeko Barrutiak bi proposamen egingo ditu datorren urtean, bata Intxaurrondo auzoan (Zubiaurre pasealekuko galtzada eta espaloia hobetzea), eta bestea Altza auzoan (Buenavista parkeko argiztapena). 2025ean, lehentasunezko proiektua Altza auzoarentzat ere izango da (Haurrentzako kirol kantxa Buenavista hiribidean).
Hiriari dagokienez, 2024an honela banatuko dira proiektuak: bi proiektu Loiolako Erriberetan, bat Amara Berrin eta bi Grosen. 2025ean, berriz, bi proiektu egingo dira Amara Berrin, bi Berion, bat Loiolako Erriberan, bat Erdialdean, bat Egian eta bat hiriarentzat oro har.
Udalaren arabera, “proposamen horiek guztiek interes publikokoak eta udalen eskumenekoak izateko baldintzak betetzen dituzte”. Ez dute 300.000 euroko inbertsioa gainditzen, eta ekitaldi bakar batean gauzatu daitezke, ondorengo aurrekontuetan eraginik izan gabe. Gainera, Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuaren webgunean ere kontsulta daitezke.
Gauzatuko diren proiektuak zehaztu ondoren, udalak proposamen bakoitzaren sustatzaileekin lan egingo du horiek garatzeko, administrazio prozesua bukatuta eta dagokion ekitaldian gauzatzeko prest egon dadin. Herritarren Partaidetzaren web orrian proiektuen egoeraren jarraipena ere egin daiteke, erabat gauzatu arte.