Animalien askapena eskatzeko manifestazioa egin dute antiespezistek

Santu Guztien Eguna izateaz gain, NOR antiespezisten taldeak animalien aldeko eguna bihurtu nahi du gaurko eguna, azaroaren 1a. Azken urteetan bezala, gaur ere manifestazioa egin dute Donostian, Animalien askapena! lelopean. Dozenaka lagunek egin dute bat deialdiarekin, eta Gipuzkoako jendeaz gain, Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik eta Iparraldetik ere etorri dira antiespezistak.
Manifestazioaren ondoren azaldu dutenez, azaroak 1 data garrantzitsua da beraien agendan, “animalien aldeko borrokaren bateragune bilakatu delako”. Beraiek eta ondorengoek animalien alde ekinean jarraituko dutela nabarmendu dute, “animaliek egoera bidegabean jarraitzen duten bitartean”.
“Esplotatzaileen gezurren” aurka irmo agertu da NOR kolektiboa: “Mila ongizate zigilu asma ditzakete, baina badakigu zergatik duten behar hori. Azken urteetan kaleratu diren ikerketa eta etxaldeen irudiek buru eta gogoeta asko piztu dituzte, baina kontua da zapalkuntza ez dela ikusten den bortizkeria soilik”, adierazi dute.
Euren iritziz, “biolentzia” da norbaitek bere buruaren jabetza ez izatea, animalien interesak kontuan ez hartzea, “arrautza gehiago errun ezin dituen oiloa zoparako hiltzea” eta esnea emateko behiak haurdunaraztea. “Eta hauek bezalako hamaika jazarpen sufritzen dituzte animaliek”, deitoratu dute.
Animalien gaineko esplotazioa, “sistema kapitalistaren hauspo bat gehiago” dela uste dute. “Hori izan baita beti intentzioa: animaliak mantsotzea, obediente bilakatzea, errazago izan dadin haien esplotazioa. Horretan datza domestikazioa, animaliekin dugun harremana, kontrolarena, estrakzioarena, haien izana xurgatu diegun arte”, salatu dute.
Azaldu dutenez, antiespezistek “urteak” daramatzate “gizakiz besteko animalien zapalkuntzaren aurpegi ezberdinak salatzen”, diotenez, “mila eta bat aurpegi” dituelako espezismoak. Hori dela eta, urtero plaza irteten jarraituko dutela nabarmendu dute, “haien gezurrak agerian uztera”.





























