Bidesarien kontrako hitzaldia egingo dute larunbatean

“Aukerak partekatzeko” hitzaldia egingo dute larunbat eguerdian, Bulebarrean, Donostia eta Bilbo artean dagoen errepidearen bidesariaren aurka. Nik ez dut ordaintzen lelopean, bi hirien artean 13,70 euro ordaintzearen afera eztabaidatuko dute bertaratzen direnek.
AP-8 Peajerik ez plataformak adierazi duenez, 50 urte daramatza euskal gizarteak errepidea ordaintzen, bestelako aukerarik gabe, eta nahikoa beharko luke izan egun EAEko biztanleek ordaintzen dituzten zergekin: “Beste lapurreta nabarmen bat da, zergak zerga gehiagoren gainean jartzen dituena. Ibilgailuaren prezioari eta erregaiaren prezioari gehitu behar zaizkio bidesariak, eta autobietara zabaldu behar dituzte, automatikoki kobratuko duten zubi berriekin”.
Antolatzaileek adierazi dute, euria eginez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkupeetara lekualdatuko dela hitzordua.