'Donutaren ekonomia' hirian ezartzeko ikerketa egitea onartu du udalak

Elkarrekin Donostiak hala eskatuta, Donostiako Udaleko osoko bilkurak mozio bat onartu du donutaren ekonomiak hirian izan dezakeen ezarpenaren “potentzialtasuna” eta garapena ikertzeko. Alderdi guztiek eman dute baiezko botoa, EH Bilduk izan ezik, abstenitu egin baita. Mozioan ez da zehazten zertan izango den ikerketa hori.
Victor Lasak berak hauteskunde kanpainan aitortu zuenez, bere “obsesioa” da Donutaren teoria hau: “Nire obsesio txikia da Donutaren ekonomia, dagoeneko Amsterdamen eta Bruselan ezarri dutena. Ekonomiari aurre egiteko modu berri bat da, eta hazkundean horrenbeste zentratu ordez, gehiago zentratzen da mundu guztia ekonomiaren partaide izatean. Alde batetik, zoru sozioekonomiko bat ezartzen du, etxebizitzaren prezioaren, errenta mailaren, herri partaidetzaren eta beste hainbat indizeren araberakoa. Bestetik, sabai ekologiko bat ezartzen du, biodibertsitatearen, airearen kutsaduraren eta beste indize batzuen araberakoa, denontzako onuragarria izango den zona ekonomiko bat sortzeko”.