Gipuzkoa Basket garaipenarekin dator Sevillatik

Gipuzkoa Basketek garaipenen boladan murgilduta jarraitzen du, eta ez dirudi bolada uzteko asmorik duenik. Hain zuzen ere, laugarren garaipena jarraian eskuratu du asteazken eguerdian Sevillan, Betisen etxean, 81-83 irabazita. Horrela, ligako onenekin lehiatzen jarraitzen du sailkapenean, eta laugarren sailkatua da une honetan.
Emaitzak erakusten duen moduan, partida parekatua izan da, eta donostiarrek gogor lan egin behar izan dute. Hain zuzen ere, hamar punturengatik galtzen joatera iritsi dira, baina azken amaieran buelta eman diote neurketari.
Bi minutu eta erdi gelditzen zirenean, hamar punturengatik irabazten ari zitzaion Gipuzkoa Basket Betisi, baina andaluziarrek azeleragailua zapaldu dute, eta soilik puntu bat behetik joatera iritsi dira. Ordea, donostiarrak ez dira kikildu, eta talde osoaren eta bereziki Barcello, Sturup, Motos, Ansorregi eta Aurrekoetxea jokalarien lanari esker, garaipena Donostiara ekarri dute.