Udalinfo zerbitzua udaletxera lekualdatu dezakete, Musika Kontserbatorioa egungo eraikinean bertan handitzeko

Eneko Goiak aste honetako Politika Orokorreko Udalbatzarrean azaldu duenez, Easo kaleko Udalinforen eraikina Francisco Escudero Musika Kontserbatorioa handitzeko erabiltzeko aukerak aztertzen ari dira. Goiaren arabera, Udalinfo udaletxeko Turismo Bulegoarekin batera ezartzeko aukerak Eusko Jaurlaritzari Easo kaleko eraikina eskaintzeko aukera emango die, “egungo Kontserbatorioa handitu eta berritu ahal izateko”.
Goiak gogorarazi zuen Musika Kontserbatorioa Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa dela, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzari dagokiola Kontserbatorioaren beharrak asetzea, “zeinak handiak baitira”. Udala instituzio publikoa izanik, planteatzen zaizkien arazoei aurre egiten laguntzera “behartuta” daudela adiera zuen Goiak: “Hori dela eta, une honetan udaletxean gauzatzen ari den proiektua birplanteatzen ari gara. Udalinfo udaletxean Turismo Bulegoarekin batera ezartzeko aukerak aukera ematen digu Eusko Jaurlaritzari Easo kalean espazioak eskaintzeko, egungo Kontserbatorioa handitu eta berritu ahal izateko. Buru-belarri ari gara horretan lanean”.
Gogoratu behar da Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko irakasleak aspalditik ari direla espazio hori berritzeko eskatzen. Roberto Nuñok, kontserbatorioko zuzendariak apirilean azaldu duenez, Easo kalean duten eraikinak ez ditu legeak markatzen dituen arauak betetzen, “espazioari, baliabideei, segurtasunari eta irisgarritasunari dagokienez”.