Donostiako enpleguaren %30 zientziaren, teknologiaren eta zerbitzu aurreratuen sektoreetan dago
Donostia Sustapenak egindako 2022ko barometroak berretsi egin du zientzia, teknologia eta zerbitzu aurreratuak direla Donostiako jarduera ekonomikoaren eragile nagusiak. Zehazki, 29.450 pertsona daude sektore horietan lanean, hau da, hiriko lanpostu guztien herena gutxi gorabehera, eta barne produktu gordinaren % 43 da. Eragile nagusiak ez ezik, hazkundean dauden sektoreak ere badira, txostenaren arabera; izan ere, enpresa sortu berrien % 40 dira bereganatzen dituzte besteak beste, hezkuntzarekin eta osasunarekin lotutako zerbitzuek, zientzia eta teknologia enpresek, eta aholkularitza enpresek.
Udal gobernuak azaldu duenez, hazkunde handiak lotura estua du zientziaren eta berrikuntzaren esparruan egindako apustuarekin. Iaz, I+G+b arloko kopurua %23 igo da azken bost urteotan, eta 277 milioiko inbertsioa egin zen iaz. Era berean, azaldu dutenez, inbertsioaren ratioa 1.476 eurokoa da mila biztanleko, Euskadiko batez bestekoa (751 €/biztanleko) ia bikoizten duelarik.
Marisol Garmendia, Ekonomia eta Enplegu Zinegotziak nabarmendu duenez, Donostiarentzat garrantzitsua da zientziaren eta teknologiaren arloan erreferente gisa indartzea, sektoreak inbertsio handiak jasotzen dituelako.”Enpleguen heren batekin hiriko aberastasunaren ia erdia sortzen da. Balioak sortzea biderik eraginkorrena da ondo ordaindutako kalitatezko enpleguak sorrarazteko; eta, horri esker, prestakuntza eta talentua dituzten gazteek beren proiektu profesionalak garatzeko aukera dute”.
Auzoz auzo
2022ko Barometroak askotariko adierazle ikertzen ditu eta besteak beste, auzoen errealitatea azaleratu ditu, beste behin. Hala, Erdialdea eta Gros auzo zaharrenen artean kokatu ditu, errenta eta hezkuntza maila altuekin, eta etxebizitzen metro koadro prezio handiekin; Amara eta Ekialdeko barrutiarekin biztanleria migratzailearen pisurik handiena dute, hiriko batez bestekoaren gainetik ( % 9,7). Amara Berri da auzorik jendetsuena (30.477 biztanle), eta hazten jarraitzen du migrazio fenomenoagatik; Egiak, berriz, atzera egin du biztanlerian. Antiguo, Ondarreta, Ibaeta eta Aiete ekonomikoki eroso dauden eremuak dira, eta Miramonek du errenta mailarik handiena.
Barometroaren arabera, ekialdeko barrutiko auzoak nabarmen hazi dira biztanlerian, eta kalteberatasun handiagoa dute; Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Martutenekin batera, langabezia handiagoa eta errenta maila txikiagoa. Loiola eta Txomin, berriz, auzorik gazteenak dira.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, Alde Zaharra eta Erdialdea dira merkataritza eta ostalaritza zabalduenik dituzten auzoak, hiriko enpresen % 23rekin eta enpleguaren % 18rekin. Gros auzoa kultura aldetik dinamismo handiko eremua da eta hiri ekonomia garrantzitsua du: 2.227 enpresa eta enpleguaren % 7,5. Ibaeta nabarmentzen da, hiriko enpleguaren % 16rekin unibertsitate campusak eta Igara eta Zuatzu industriaguneek bultzatuta.