Haurren Pobreziaren aurkako Goi Komisariotzak eskoletako jantokiak bultzatzeko ekitaldia egingo du Donostian
Haurren pobreziaren aurkako Goi Komisariotzak ekitaldi bat egingo du Donostian, Europako Kontseiluaren esparruan, estatu kideek eskola jantokiekin konpromiso handiagoa har dezaten. Europar Batasuneko o ekitaldia, datorren azaroaren 21ean ospatuko da Miramar Jauregian. Azaldu dutenez, konpromiso hori aurrera bultzatzeko erraztasunak bilatu eta ekintza bateratu bat egiteko asmoa dute. Zehazki, eskola jantokien politikak “haurtzaroan pobreziaren edo gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko” duen zeregina aztertzea du helburu ekitaldiak, eta politika horrek haurrengan eta nerabeengan duen eraginari buruzko ebidentzia azaltzea.
Europar Batasuneko Kontseiluak ezarritako oinarrizko sei eskubideetako bat da eskola eguneko janari osasungarria. Gauzak horrela, oinarriak ezarri nahi dituzte “estatu kideek konpromiso handiagoa har dezaten haur eta nerabe guztiei modu eraginkorrean bermatzeko”. Hala, gutxienez eguneko otordu osasuntsu bat izateko eskubidea bermatu nahi du komisariotzak, Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioak jarraitzeko. Ekitaldian ordezkari andana espero da: 27 estatu kideetako ordezkariak, Amerikako Estatu Batuetakoak eta Europako Batzordekoak egongo dira besteak beste, gainerako ministro, estatu-idazkari, koordinatzaile, eta adituez gain.
Haur pobreziaren aurkako jantokiak
Goi Komisariotzatik adierazi dutenez, azken urteotako nazioarteko gertakariek eragin zuzena izan dute eskoletako jantokien zerbitzuan: pandemiak ikastetxeen itxiera eragin zuen 2020an, eta Ukrainako gerrak elikagaien prezioaren igoeran eta bizi kalitatean izan ditu ondorioak. Komisariotzatik azaldu dutenez, aldaketa horien testuinguruak agerian utzi du beharrezkoa dela “elikadura osasuntsua izateko eskubidea haur guztiei bermatzea eta, bereziki, ahulezia handieneko egoeran” dauden haurrengana iristea.
Ildo beretik, ikasketetan ere eragina duela azaldu dute, izan ere, “hezkuntza errendimendua eta ongizate maila hobetzeko” ahalmena du bai eta “haurren obesitatearen prebalentzia murrizteko ere, pobrezia egoeran dauden haurrei intentsitate handiagoz eragiten baitie”.