Justu-justu, baina lehenengoa gainditu du Realak
Kanporaketa erraza behar zuen izan atzokoak Realarentzat, Espainiako seigarren kategoriako Buñol taldearen aurka jokatu baitzuten. Ordea, valentziarrek ia arriskurik sortu ez bazuten ere, txuri-urdinek ordubete pasatxo behar izan zuten markagailua irekitzeko, eta realzale bat baino gehiago urduri jartzen hasia zen ordurako, urte luzez kopan izandako porrot mingarri eta tamalgarriak gogoratuz. Baina ez, Imanol Alguacilek taldearen gidaritza hartu duenetik ez zaio halakorik gertatzen Realari, eta atzokoa ere ez zen salbuespena izan.
Ohiko titularrei atsedena emateko, taldea goitik behera aldatu zuen Alguacilek. Nabarmentzekoa da Marrero atezainak debutatu zuela, Urkok erdiko atzelari gisa jokatu zuela eta Pachecok hegaleko atzelari gisa eta Odriozola eta Magunazelaia estreinakoz izan zirela titular.
Errotazioak zirela edo zelaiaren egoera zela, Realak ez zuen lehenengo zati batere ona egin, jokalariek oso mantso mugitu baitzuten baloia. Hain zuzen ere, gol aukerarik argiena etxekoek izan zuten, Urko erdiraketa bat bere atera bidaltzeko zorian egon zenean. Cho arrakastarik gabe saiatu zen bere hegaletik arriskua sortzen, eta gauza bera egin zuen Turrientesek area kanpotik egindako bi jaurtiketarekin.
Bigarren zatian, Carlos Fernandez eta Dadie zelairatu zituen Alguacilek, eta taldeak azeleragailua apur bat zapaldu zuen, erridikulua saihestu nahian. Horrela, 67. minutuan heldu zen Carlos Fernandezen gola, arratsaldeko bakarra, Chok eta Zakharyanek ezker hegaletik jokaldi on bat egin, Dadiek jaurtiketa egin eta errebotea Fernandezek harrapatu eta sarera bidali zuenean.
Nabarmentzekoa da etxekoek dena eman zutela, eta Txapeldunen Ligan jokatzen ari den talde bat urduri jartzeko gai izan zela. Hala ere, errazak izan ziren azken minutuak txuri-urdinentzat, eta kopan aurrera egitea lortu zuten.