Kuarteletako lurrak «Donostiak dituen behar sozial, ekonomiko eta kulturaletarako» erabiltzeko eskatu dute
Eneko Goia alkateak aste honetan jakinarazi du datorren asteartean sinatuko dutela Loiolako kuartelen salerosketa —duela urtebete egin zuten akordioa—, eta, horren harira, kuartelak “Donostiak dituen behar sozial, ekonomiko eta kulturaletarako” erabiltzeko eskatu du Kuartelik Ez, Ez Hemen, Ez Inon Herri Ekimenak.
“1863an, udalak erabakita, harresia eraisten hasi zirenetik, gure erakundeak saiatu dira militarrak Donostiako lurraldetatik kanporatzen. Ibilbide luzea, urrats bakoitzeko Gerraren Ministerioa zenak trukean zerbait eskatu zuelako. Orain arteko lorpen guztiak: Alderdi Eder, Urgull, Ondarretako tiro zelaia, General Mola ospitalea, Gobernu Militarra, eta abar garesti ordaindu ditu Donostiak: lur birkalifikazioak, orube trukaketak ala zuzenean dirutza ordaindu behar izan du udalak”, gogorarazi du herri ekimenak.
Horrela, udalak Loiolako kuartelengatik 73,3 milioi euro ordaintzearen aurka agertu dira: “Bada garaia orube horiek herritarron eskuetara pasatzeko, musu truk, gehiegi ordaindu baitu hiri honek orain artekoa. Gerra testuinguru honetan diru publikotik 73 milioi euro erakunde militar bati ematea guztiz onaterzina da, gure erakunde zibilen ahuleziaren erakusgarri”.