2024ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua azaroaren 6an abiatuko da
Datorren astelehenetik hasita, donostiarrek Urrezko Danborrerako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte azaroaren 19ra bitartean. Herritarrekin batera elkarte, fundazio, kirol elkarte, enpresa eta Donostiako Udaleko udal taldeek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete. Proposamenak internetez egin ahal izango dira udalaren web atarian. Horrez gain, hala behar duten pertsonek, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoetan laguntza jasoko dute online plataformaren bidez proposamena egin ahal izateko. Pertsona bakoitzeko proposamen bakarra onartuko da.
Epe hau bukatuta, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza Zerbitzuak proposamenak aztertuko ditu azaroaren 20tik 28ra bitartean. Txostenak udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko dira.
Azaroaren 29a eta abenduaren 1a artean, Batzorde horrek gehienez hiru hautagai aukeratuko ditu. Hautagai batek Bozeramaileen Batzordearen gehiengo berezia lortuko balu, hau da udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren bi herenak, Urrezko Danborra zuzenean eman ahal izango dute.
Gehiengo hori lortzen ez bada, Urrezko Danborraren aukeraketa herritarrek egin ahal izango dute boto bidez abenduaren 11tik eta 17ra bitartean. 16 urtetik gorako herritar erroldatuek irabazlea hautatzeko aukera izango lukete herri bozketa bidez. Horrenbestez, abenduaren 18an jakinaraziko luke udalak hautagaitza saritua, boto gehien jaso duena, eta ondoren udalbatzarrak berretsi beharko du.