Barometroa: Donostiar gazteen kopuruak behera egin du azken urteotan
Donostia Sustapenak 2022ko Hiri Barometroaren edizio berria aurkeztu du. Enpleguaren eta kohesioaren inguruan hitz egiten du lehen atalak, eta hiriko demografia du aztergai. Hiria “zahartzen” ari dela nabarmentzen da bertan. Halaber, zifrek argi uzten dute azken urteetan gazteen kopurua jaitsi egin dela, eta biztanleriaren gaztetzea migratzaile taldeen eboluzio positiboaren ondorioa dela.
Donostiako biztanleria, bi urtez pixka bat atzera egin ondoren, urte batetik bestera puntu erdi inguru hazi da, eta 2022an 188.743 biztanle izatera iritsi da. Zahartzen ari den gizartearen testuinguruan, Donostiako gazteak %14 baino gehixeago murriztu dira azken bi hamarkadetan. 2022. urtean, Donostiak 35 urtetik beherako 60.816 gazte zituen, hau da, Donostiako biztanleen %32 (2001ean %39 ziren).
Txostenaren arabera, beherakada handi hori gazteen “migrazio saldo positiboaren testuinguruan” gertatzen da (2010 eta 2020 bitartean 4.236 gazte baino gehiago). “Hala ere, ezin da konpentsatu zahartze fenomenoak berak eragindako gazte populazioaren galera (gehiago dira beste adin tarte batera igarotzen direnak, gazte izateari uzten diotenak, eta jaiotza tasa txikiak ez du populazioaren piramidearen oinarria osatzen)”, zehazten du dokumentuak.
Gazte migranteak
Gazteen migrazio saldo positiboari dagokionez, azken hamarkadan 23.770 gazte iritsi dira Donostiara munduko beste leku batzuetatik. Gazte horien %70 baino gehiago estatuko beste leku batzuetatik edo Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik datoz.
Bestalde, azken hamarkadan, 19.534 gazte Donostiatik kanpo bizitzera joan dira; gazte horien %38 Gipuzkoan, EAEn eta Nafarroan bizi dira. Gipuzkoara doazenen artean, gazte horietako asko etxebizitzari lotutako arrazoiengatik mugitzen dira. “Beste bi lurraldeetara eta Nafarroara joateko arrazoiak lanarekin erlazionatuta daude batez ere”, zehazten du dokumentuak.
Bestalde, %26,6 estatuko beste leku batzuetara joaten da, eta %35,5 atzerrira, “lanbide eta bizi-aukeren bila”.