«Gorputz moldagarri bat izan dut oinarri»
Izaro Arroitak (Gros, 1985) 'Lina plastilina. Istripu handia' izeneko bere lehen literatur liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin. Plastilinazko gorputza duen neskato baten abenturak kontatzen ditu, eta, Arroitaren arabera, ez da soilik haurrentzako liburu bat, "helduek ere gustura irakurri dezaketelako". 'Lina plastilina' ipuin bildumako lehen liburua da honakoa, eta bigarrena udaberrian argitaratzea aurreikusten du. Bigarren liburu hori idazteko lanetan dabil idazlea une honetan.

Gaur egun irakaslea eta idazlea izan arren, kazetaritzan aritu zinen garai batean. Non egin zenuen lan?
Batez ere, Berria egunkarian aritu nintzen, eta, hilabetez, IRUTXULOKO HITZAn ere bai, abuztu batean. Horren ostean, Euskadi Irratian egin nuen lan urtebetez.
Zer ikasketa dituzu?
Lehendabizi, kazetaritza ikasi nuen EHUn, Leioako campusean. Ondoren, literaturako masterra egin nuen Bartzelonan, eta, gero, EHUn egin nuen doktore tesia. Hortik aurrera, EHUn jarraitu dut, eta bertan ari naiz lanean gaur egun ere. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean nago, Magisteritzan.
Liburuan aipatzen duzu umetatik maite duzula literatura. Badakizu zerk sortu zizun zaletasun edo grina hori?
Nik betidanik gogoratzen dut grina hori. Ez dakit berezkoa den edo transmititu egiten den, baina nik uste dut bietatik jaso dudala. Nire etxean liburuak beti egon izan dira oso presente, ipuinak txikitatik kontatu izan dizkigute, eta ez soilik ipuinak; olerkiak ere, adibidez, beti izan ditugu gure etxean. Beraz, betidanik izan naiz oso literatura zalea.
‘Lina plastilina. Istripu handia’ idatzi duzu, argitaratu duzun zure lehen literatur liburua.
Bai. Esparru akademikoen bestelako lanak argitaratu izan ditut, baina hau da argitaratzen dudan lehen literatur liburua.
Irakurzale izatetik idaztera badago salto bat, ezta?
Ez dakit, Iban Zaldua idazleak, adibidez, esaten du irakurtzea eta idaztea txanpon beraren bi aldeak direla. Niretzako beti egon da hori hor. Hau da, gauza bat da noiz argitaratzen den liburua, eta beste gauza bat da zaletasun hori noiztik dagoen zure bizitzan. Nire kasuan, irakurtzea eta idaztea betiko zaletasunak izan dira, nahiz eta agian argitaratzeko helburuarekin ez idatzi.
Gogoratzen duzu zer izan zen idatzi zenuen lehen gauza?
Gauza batzuk ez dizkizut kontatuko [barrez], baina bai. Ez naiz gogoratzen, baina nire etxean jasota daude 5 urte inguru nituenean idatzi nituen ipuintxoak. Jolasean ari nintzela, panpinei buruz idazten nituen ipuintxo laburrak.
‘Lina plastilina’-k zuk sortutako ipuintxo haiekin loturarik ba al du?
Ez. Linaren ideia aparte sortu zen, duela denbora bat. Nire abiapuntua zen idaztea gorputz malgua eta moldagarria zuen neskato bati buruz, eta pixka bat jolasetik. Ideia hori ez nuen txikitatik, gerora sortu den zerbait delako. Bada denbora bat hori bururatu zitzaidala, baina egia da azken urteak oso intentsoak izan direla niretzat, urte gutxian gauza asko egin ditudalako: bi ume izan ditut, unibertsitatean plaza lortu dut eta beste hainbat gauza. Beraz, idazte prozesua nahiko luzea izan da zentzu horretan.
Zergatik da berezia ‘Lina plastilina’?
Nik, bereziki, bi ezaugarri nabarmen aipatuko nituzke: batetik, Lina berezia da plastilinazkoa delako eta bere gorputzarekin edozer egin dezakeelako; eta bigarren berezitasuna da liburu barruan bizi den protagonista bat dela. Irakurleak ikusiko du hasieran istripu handi bat duela, eta horregatik plastilinazko gorputza duela, baina botere horri esker liburu barruan bizitzen bukatzen du, eta liburutik sartu-irtenak egiten. Beraz, bi berezitasun horiek nabarmenduko nituzke.
Erreferentziarik bazenuen Lina sortzeko? ‘One piece’marrazki bizidunetako Luffy datorkit gogora, bere gorputza gomazkoa delako.
Asko neuzkan, baina ez bat zehatza. Erreferenteak eduki nitzake, alde batetik, gorputz moldagarri horri dagozkionak, eta beste batzuk, liburuan sartu eta ateratze horri dagozkionak. Hala ere, handik eta hemendik jasotzen dituzun irudien eta irakurketen bidez sortutako zerbait da.
Zerbait bereziagatik aukeratu zenuen plastilina protagonistaren gorputza osatzeko material gisa?
Ez dakit, beti gustatu izan zait plastilina. Uste dut ume guztiei gustatzen zaiela; nire alabei bai, baina ni nintzen umeari batez ere. Orduan, gustatzen zait plastilina eta baita edozein forma hartzeko gauza den gorputz bat imajinatzea ere, jolasetik bereziki. Jolas egin nahi izan dut, eta irakurlea jolasarazi. Plastilina bada elementu bat bi gauza horiek uztartzen dituena: gorputzaren moldagarritasun hori eta jolasa.
‘Lina plastilina’-ren abenturak kontatzeaz gain, liburuak helburu didaktikoa ere baduela iruditu zait. Ilustrazioen bidez, hizkiak ikasteko aukera ematen duela esango zenuke?
Hala bada, hori ez da gure asmoa izan. Beharbada hala izango da, eta izan daiteke, irakurle bakoitzak bere irakurketa egingo duelako. Baina hizkiekin egin nahi izan duguna jolasa da, berriz ere. Pertsonaia moldagarri bat sartu nahi izan dugu testuan, eta testuko hizkiekin jolasean jarri. Horregatik nabarmentzen dira testuko elementu horiek ere, tipografia aldetik, tamaina handiagoan… Baina helburua jolasa da; ez dago, berez, asmo didaktikorik.
Irudiak Joseba Larratxe ‘Josevisky’renak dira. Nolakoa izan da zuen arteko elkarlana?
Egia esan, Joseba proiektu honetan egotea sekulako zortea eta luxua izan da niretzat. Profesional bat da, eta testua irakurri ostean hasieratik ikusi zuen zer egin zitekeen eta zer potentzial eduki zezakeen liburuak. Beraz, asko ikasi eta gozatu dut berarekin lanean, oso eskertuta nago, eta sekulako artista iruditzen zait.
Zer iritzi duzu haurrek gaur egun literaturarekin duten erlazioaren inguruan?
Haurrek askotariko zaletasunak dituzte, eta familia edo ingurune batetik bestera asko aldatu daitezke zaletasun horiek. Nik ez nuke hainbeste nabarmenduko haurrek zein harreman duten literaturarekin, baizik eta zein eskaintza egiten zaien haurrei etxeetan eta eskoletan. Hortan jarriko nuke fokoa, baina, testuinguruaren arabera, desberdina izango da eskaintza. Hala ere, iruditzen zait badagoela joera bat haurrak babesteko eta politikoki zuzena dena soilik transmititzeko. Literaturan ere ikusten da hori batzuetan, haurrei eman nahi dietela zerbait didaktikoa izango dena; hau da, literatura zerbait ikasteko edo terapiarako tresna gisa baliatzea. Ikuspegi hori nahiko pobrea iruditzen zait, literatura zerbait ikasteko tresna dela pentsatzea. Horretarako ere balio du, baina ez horretarako soilik.
Aipatu duzu sormena eta jolasa daudela liburuaren oinarrian. Sormen horretatik tiraka, Julia Pastrana ekarri duzu liburura, Mexikon XIX. mendean jaio zen emakume bizarduna. Zein helbururekin?
Hori ere jolasa izan da niretzat, neurri batean. Sortze lan horretan elementu batzuk sartzea erabaki nuen, batzuk benetakoak, Julia Pastrana bezala. Benetako emakume baten istorioa dago hor atzean, eta istorio hori aspalditik nuen barruan. Gorputz moldagarriari lotuta, erraz uztartu nituen Julia eta plastilinazko protagonista. Istorio batzuk benetakoak dira, entzun ditudanak eta barruan geratu zaizkidanak; eta beste batzuk irakurketek barruan utzi dizkidaten gauzen ondorio dira.
‘Lina plastilina’ ipuin bilduma bat izango da etorkizunean. Zer aurreratu dezakezu bildumari buruz?
Oraingoz, hurrengo liburuari buruz dakidana aurreratu nezake. Udaberrian argitaratzea aurreikusita dago, eta beste bi istorio izango ditu. Hurrengo liburuko hasierako istoriotxoa liburutegi batean abiatuko da. Liburu hori idazten ari naiz une honetan, eta prozesua, alde batetik, oso polita ari da izaten. Konplikatua ere bai, hontan ari naizelako, baina, era berean, bi ume dauzkadalako eta lanean ere ari naizelako. Dena uztartzea ez da erraza, eta batzuetan erronka bat da idazteko denbora ateratzea, eta hori ondo eta lasai egitea. Gainera, lehenengoarekin alderatuta, sortze prozesu hau desberdina da, orain badakidalako bilduma bat dela, eta aldea dago horretan.