Saharari kantatu diote hainbat abeslari eta talde euskaldunek
Saharari Kantari elkartasun ekimenetik sortu dute Euskal Herriko hamasei abeslari eta taldek proiektuaren izen bera duen diskoa. Kristina Berasain kazetariak sortu du egitasmoa, musikaren bidez “herri sahararrari keinu bat egin eta herri horren askatasunerako eskubidea aldarrikatzeko asmoz”. Horrela, egitasmo honek disko bakar batean bildu ditu Mikel Laboa, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Anari, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Pello Reparaz, Izaro, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarte. Horiez gain, proiektuarekin bat egin dute Aziza Brahim eta Ali Seidah artista sahararrek ere.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa Kursaalaren kanpoaldean, eta, Berasainek azaldu duenez, hamabi abestiz osatutako diskoa egin dute. Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantarekin abiatzen da: Aziza Brahimek eta Oreka TX-k elkarrekin jo izan dute kanta horren bertsioa, eta egitasmo honi esker grabatu egin ahal izan dute. Brahimek Eñaut Elorrietarekin grabatutako Desio bat dut abestia ere badakar diskoak.
Olatz Salvadorrek, Idoia Asurmendik eta Itziar Ituñok elkarrekin abesten duten Haizea harrien kontra abesti berria sortu dute, eta Eñaut Elorrietak eta Olaia Inziartek Izar polisariar bat (Una estrella polisaria, bertsio originalean) abestia euskaratu dute.
Arabako SEAD Lagunen Elkartearen laguntza
2013an, Arabako SEAD Lagunen Elkarteak Mendebaldeko Saharari kantatzeko lehiaketa jarri zuen martxan, eta hiru ediziotan hainbat abesti sortu zituzten euskal musikariek; tartean, Pello Reparazek, Iker Laurobak, Izarok eta Postal Kolekzionistak. Saharari Kantarik bere egin du ekimen haren izena, eta aipatutako artisten kantak sartu dituzte disko berri honetan, kasu batzuetan, bertsio berri batean: Iker Laurobak Esti Markezekin eta Fariba Sheikhanekin grabatu du Sahara izeneko kanta, eta Izarok berriro grabatu du Harea abestia.
Mikel Urdangarinek eta Physis versus Nomos taldeak Dana eta Saudade e Fatal 2 diskoetan argitaratu zituzten Zugan eta Sahara izeneko kantak. Beñat Antxustegiren taldeak kantaren bertsio bat egin du, eta Galdu gabeko irria izena jarri dio.
Kontzertu solidarioa
Abenduaren 22an, ostirala, kontzertu solidario bat egingo dute Kursaalean. Diskoan parte hartu duten artista asko egongo dira oholtzan egun horretan: Aziza Brahim, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Eñaut Elorrieta, eta Idoia eta Bea Asurmendi. Horiez gain, Jon Maria bertsolariak ere hartuko du parte emanaldian. Kontzertua 20:00etan hasiko da.
Emanaldia behin bakarrik egingo denez, “berezia eta ahaztezina” izango dela nabarmendu dute, eta diskoaren salmentan eta kontzertuan bildutako dirua Euskal Fondoaren eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetza proiektuen markoan ondare kulturalari lotutako egitasmo batera bideratuko da.
Sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 20 eta 30 euroan.