Triziklo gainean, hiria eta ezagunak berriro ikusteko paseo erakargarriak
Noiz edo noiz ikusiko zituen jendeak triziklo bikoitzak Donostiako kaleetan, eta horien gainean, pertsonak binaka eserita, boluntario batek bultzatzen dituen bitartean. Bizikletaz Adinik Ez egitasmoa dago horren atzean, eta boluntario bila ari dira.
BAE eguna ospatu zuten larunbatean, urriaren 28an, Alderdi Ederren.Olatz Balda Adinekoen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeaz arduratzen da Bizikletaz Adinik Ez elkartea (BAE), eta, horretarako, ohikoa ez den tresna bat erabiltzen dute: trizikloa. Izan ere, elkarteko boluntarioek bi plazako trizikloak eramaten dituzte zaharren egoitzetara, jubilatuen elkarteetara, eguneko zentroetara eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen egoitzetara. Bertako egoiliarrak trizikloetan eseri, eta hirian zehar paseotxo bat ematera eramaten dituzte, pertsona horiek Donostia ikusteko eta, bide batez, jendearekin harremantzeko aukera izan dezaten.
Proiektua, izatez, Danimarkan jaio zen. Horrela azaldu du Dani Ruizek, BAEko koordinatzaile taldeko kideak: “Cycling Without Age (CWA) Ole Kassowek 2012an Kopenhagen sortutako nazioarteko mugimendua da. Konturatu zen hiri eta adinekoen egoitza askotan oso ongi funtzionatu zezakeen proiektua zela, eta, gaur egun, 40 herrialdetan baino gehiagotan dago martxan egitasmoa”.
Donostian, 2016tik
Donostiara 2016an iritsi zen, Dani Ruiz Txita enpresako kidea, Gorka Hoyos Kalapie elkarteko kidea eta Iñigo Munillaren artean indarrak batuz. Donostia-San Sebastian 2016 fundazioari esker, Kultur Hiriburutzaren barruan, diru laguntza bat eman zieten, eta proiektua martxan jartzen hasi ahal izan ziren. “Lehen lau trizikloak erosi genituen, eta berehala jabetu ginen elkarte bat sortu behar genuela Donostian proiektua garatzeko”, nabarmendu du Ruizek.
BAEren helburua da trizikloen bidez akonpainamendua ematea nahi gabeko bakardadea bizi duten pertsonei edo dibertsitate funtzionala dutenei. “Trizikloak dira pertsona horiekin denbora pasatzeko erabiltzen ditugun erremintak, eta gainera, paseoak egitea ahalbidetzen digutenak”, zehaztu du. Gainera, irteera horietan anekdota ugari sortzen direla gaineratu du Ruizek: “Harrigarria da egoitzaren batean dagoen adineko pertsona batek esaten duenean agian sei urte daramatzala itsasoa ikusi gabe. Edo jendeak, adibidez, ikusten duenean nola aldatu den beraiek bizi izan diren auzoa. Ezagunak ikusten dituztenean ere sekulako poza hartzen dute”.
Ruizen arabera, egitasmoak “zerbait desberdina” egiteko aukera ematen die pertsona horiei, izan ere, askotan jendeak “oso bizitza monotonoa” izaten du, eta are gehiago adinekoen egoitzetan bizi direnean edo mugitu ezin dutenean. “Zerbitzu honek plan bat egiteko aukera ematen die, eta gainera, jendearekin harremantzekoa ere bai. Askotan, egoitzetako langileek ere esaten digute adineko jendea oso pozik itzultzen dela irteera horietatik, eta beraien irteera nolakoa izan den azaltzen dutela”, adierazi du.
Boluntario gehiagoren bila
Une honetan Donostiako hamasei egoitzarekin ari dira lanean, zazpi triziklo bikoitz dituzte, eta 120 boluntario inguru. Hala ere, boluntario gehiago lortzea da beraien helburua, irteera gehiago egiteko aukera izan dezaten: “Errorportaje hau irakurtzen duen edonor animatu nahi dugu boluntario izatera. Norbaitek proiektua gehiago ezagutu nahi badu edo boluntario izan nahi badu, beso zabalik hartuko dugu. Boluntarioek formakuntza saio bat izaten dute, trizikloan nola ibili eta proiektuak nola funtzionatzen duen ezagutzeko. Doakoa da, eta egin ostean, hilabeteko egutegi bat egiten dugu, boluntarioek libre dauden momentuetan izena eman dezaten”.
Boluntarioentzat ere “jarduera osasuntsua” dela nabarmendu du Ruizek, bizikletaz doazelako, eta ariketa fisikoa egiten dutelako, “jakinda, gainera, norbaiti akonpainamendua egiten ari direla. Onura asko ditu erabiltzaileentzat eta boluntarioentzat”.
Berritasun gisa, aukera ematen ari dira ostalaritza establezimenduei BAEko erabiltzaileei pintxoren bat edo mokadutxoren bat doan emateko. “Izan ere, erabiltzaileentzat plan bikaina da Parte Zaharrera edo auzoren batera joan eta pintxoren bat, izozkiren bat edo txurroak jatea. Beraz, gurekin elkarlanean aritu nahi duten establezimenduek ere zabalik dituzte gure ateak”, nabarmendu du Ruizek.
BAE eguna, egitasmoa ikusarazteko
Joan den larunbatean, urriaren 28an, BAE eguna ospatu zuen elkarteak, Alderdi Ederren. Karpa bat jarri zuten bertan, eta 10:00etatik 15:00etara jendeari azaltzen aritu ziren BAE zer den eta nolako lana egiten duten. “Gainera, omenaldi bat egin genion boluntario taldeko pertsona bati, kasu honetan, Iñigo Munillari. Elkartea sortu zuen kideetako bat da, eta proiektuaren hasierako lau edo bost urteetan koordinatzailea izan zen. Horrez gain, Orona fundazioa ere omendu genuen, duela zenbait urtetik BAErekin kolaboratzen duen erakundea delako”, azaldu du Ruizek.
Horrez gain, bi irteera egin zituzten. Bata Hermanos Garate egoitzara, eta bertako kideak Alderdi Ederrera eraman zituzten trizikloz, “karpa ezagutzeko eta egunaz gozatzeko”. Ondoren, Intxaurrondon bizi den pertsona batengana joan ziren, 100 urte bete zituelako eta omenaldi bat egin ziotelako. “Guk pertsona hori bere etxetik Intxaurrondoko eguneko zentrora eraman genuen omenaldirako”, zehaztu du.
Aurrerantzean, proiektua sendo mantentzea eta epe luzerako laguntza publiko gehiago jasotzea da BAEren helburua.


