Zabalik dago Oihua! film laburren lehiaketarako proiektuak aurkezteko epea
Zabaldu dute Oihua! film laburren lehiaketako hirugarren ediziorako proiektuak aurkezteko epea. Deialdiaren asmoa, berriro ere, euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza berria saritzea da, eta horretarako ikus-entzunezkoaren arloko profesionalen zeharkako aholkularitza ezarri da hautatutako proiektuarentzat. Horren azken emaitza film labur bat ekoiztea eta zuzentzea izango da, hori guztia Larrotxene Bideoren tutoretzapean. Film laburra 2024ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astean estreinatuko da.
Donostia Kulturaren hitzetan, “azken urteotan, euskarazko zinemagintzak arrakasta handia lortu du, baita oihartzuna ere nazioartean. Eta, izan ere, fantasiaren generoak izan du horretan zerikusirik, loraldi eta eklosio garai bat ari baita bizitzen, non sortzaile berriak forma ematen ari diren oraingo eta biharko zinemari”.
Testuinguru horretan sortu zen 2019an Oihua!, Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian Gipuzkoa Film Commission-ek bultzatutako ekimena. Bere lehenengo edizioan Paul Urkijo zinemagilea izan zen mentorea; proiektu irabazlea, berriz, Zerua hautsi zen gaua, María Fontan donostiarrarena. Bigarren deialdian Maider Oleaga zinemagilea izan zen mentorea eta irabazlea Igor Salutregi, Azken partida egitasmoarekin.
Eta hirugarren deialdi honetan, Igor Legarreta zuzendaria izango da mentore.
Esteka honetan kontsultatu daitezke lehiaketarako oinarriak.