Ainhoa Gutierrezen 'Pizti bat agian' Zinebi jaialdian estreinatuko da
Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketak landutako film dokumentala Bertoko Begiradak atalaren baitan emango dute, azaroaren 14an.
Ainhoa Gutierrez del Pozo Egiako zinemagileak bere lehen lan luzea aurkeztuko du Bilboko Zinebi jaialdian. Olatz Abrisketarekin batera zuzendu du Pizti bat agian ipuin dokumentala. Lehen urratsak Zinebi Networking zinema dokumentalaren laugarren foroan eman zituen filmak, eta Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdian izango du estreinaldia azaroaren 14an.
Orain urte batzuk, bi zuzendariek hiritik atera eta herri txiki batean bizitzea erabaki zuten, eta aldaketa horrek “zalantza gehiago sortarazi zizkien gauza argiak baino”: “Gatazkatzat jotzen duguna gizakiaren agintzeko gogoaren eta aurre egiten dion ekosistemaren baldintzen arteko oztopoa besterik ez da. Hain sinplea eta hain konplexua. Bien arteko oreka topatzeko ahaleginean ez dago konponbide magikorik”.
Antropologiatik abiatu zuen filmerako ibilbidea Olatz Gonzalez Abrisketak, eta Arte Ederren zein ikus-entzunezkoaren arlotik Ainhoa Gutierrez del Pozok. Lau eskutara zuzendu dute filma.
Gutierrez del Pozo berak idatzi du gidoia, eta argazki zuzendaritza lanetan aritu da ere. Gonzalez Abrisketa, aldiz, Adriana Rolloso Hermosarekin batera aritu da soinu-lanketan. Pilar Monsell kataluniarrak burutu ditu edizio-lanak, eta Verde Prato (Ana Arsuaga) musikari tolosarrarena da musika.
Ritxi Lizartza eta Maria Vallejo izan ditu filmak ekoizle-eragileak, Maluta* Films eta Azaroa Films ekoiztetxeen ordezkari gisara. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du proiektuak.
Ainhoa Gutierrez del Pozo
Zinemagilea eta ikertzailea. Landa mundua eta arte garaikidearen artekotasunean lan egiten du, eta esparru horretan kokatzen da bere filmografía. Horrekin lotuta ere, doktoretza egiten ari da Antropologia Bisualean, Urumea Bailarako zentral hidroelektrikoen inguruan.
Bere lehen laburmetraia, Medvedek (2019), Kimuak katalogoan hautatua izan zen, eta hainbat festibaletatik igaro, horien artean ZINEBI, L’alternativa edo Punto de Vista.