Are gehiago mugatuko da Aita Donostiako biribilguneko trafikoa datorren astetik aurrera
Euskal Trenbide Sareak (ETS) Topoaren sarrera berria sortzeko Anoeta inguruko azalera gainean egiten ari den obrak mugatu egin du Amara Berri auzoko Aita Donostia biribilgunearen gaitasuna, eta datorren asterako aurreikusitako obraren fase berri baten hasierak are gehiago murriztuko du biribilgunearen trafiko fluxua.
Hain zuzen, fase berriko lanek gune berriak okupatuko dituzte, eta horren ondorioz, ibilgailu pribatuek ezin izango dute Aita Donostia biribilgunerantz biratu Baleazaleen kaletik. Era Berean, ezinezkoa izango da Begiristain Doktorearen kaletik (beheranzko norabidean) Zorroaga Gainara edo Zorroaga pasealekura biratzea. Begiristai Doktorearen igoeranzko norabidetik bestalde, uneoro baimenduko da Zorroaga Gainara ezkerrera biratzea.
Gauzak horrela, Donostiako Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatzen die herritarrei eta, ibilgailu pribatua ezinbestekoa dutenean bakarrik erabiltzea. Nolanahi ere, bide alternatiboak zabaldu ditu Ospitaleetara, Illunbera edo Miramonera joan behar dutenentzako:
– Ekialdetik (Irun, Baiona…): GI-20aren 5 irteera eta GI-40/41 biribilgunea hartu Martutenen (batez ere, GI-20aren 7 irteera eta Zorroaga pasealekua saihestu).
– Hegoaldetik eta mendebaldetik (Tolosa, Zarautz…): GI-20aren 9B irteera hartu (batez ere, GI-20aren 9A irteera eta Carlos I – Madril hiribidea saihestu).
– Hirigunea (Erdialdea, Amara Zaharra, Gros…): GI-40/41 biribilgunea hartu Martutenen (batez ere, Madril hiribidea, Errondo eta Zorroaga pasealekuak saihestu).
Ekitaldi jendetsuak Anoetan
Anoeta Estadioan egiten diren ekitaldiei begira, eta bereziki datorren asteazkenean, azaroak 8, 18:45ean, jokatuko den partidari begira garraio publikoa erabiltzea gomendatzen du udalak. Era berean, hainbat neurri hartuko ditu ibilgailu pribatua erabiltzea ezinbestekoa dutenentzako. Horien kasuan, Illunbeko aparkalekura joatea eta Aita Donostia biribilgunea eta ingurua saihestea gomendatzen da.
Udalak adierazi duenez, halako ekitaldietan 10-15 minuturo inguruko erabateko zirkulazio etenaldiak egingo dira, oinezkoen zirkulazioa errazteko eta segurtasuna bermatzeko. Era berean, autobus geltokiak ekitaldien eta obren egoerara egokituko direla gaineratu du.