Elkarrekin Donostiak Intxaurrondoko Osasun Zentroa lekualdatzeko eskatu du
Elkarrekin Donostia udal taldeak (Podemos, Ezker Anitza-IU, Equo-Berdeak eta Alianza Verde alderdiek) mozio bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak dagozkion urratsak eman ditzala eskatzeko, eta Donostiako Udalarekin koordinazioan, lehen mailako arretarako zerbitzu duina bermatuko duen osasun zentro bat eraiki dezan Intxaurrondo auzoan.
Ezkerreko koalizioko zinegotzi Arantza Gonzalezek gogorarazi du auzo taldeek urteak daramatzatela Intxaurrondoko osasun zentroaren irisgarritasuna hobetzeko eskatzen. 2019an, Lehen Mailako Arretako Osausn Zentroko unitate buruak idatzi bat igorri zion udalari. Zehazki, zentroaren irisgarritasuna defizitarioa zela adierazten zuen unitate buruak, eta mugikortasun mugatuko pertsonentzako irisgarritasuna hobetzea eskatzen zen: “Sarbidera iristeko bi eskailera zati zeharkatu behar dira, eta sartzeko arrapalak zentroaren sarreratik urrun egoteaz gain, aldapa oso handia du gurpil aulkientzat. Era berean, gurpil aulkian doazen pertsona horien laguntzaileek indar fisiko handia behar dute aipatutako arrapalaren aldapa igo ahal izateko. Aste honetan bertan, gurpil aulkian zihoan hirugarren bat bultzatzeko bi pertsonaren artean egindako ahalegina egiaztatu ahal izan dugu”.
Orduko osoko bilkuran mozio bat onartu zen udal gobernuari Intxaurrondoko osasun zentrorako irisgarritasuna bermatzea eskatzeko. Nolanahi ere, egoerak berdin-berdin jarraitzen du Gonzalezen arabera. “Geure buruari galdetzen diogu zergatik ez den ezer egin urte hauetan guztietan. Auzoan anbulatorio irisgarri bat eraikitzeko behar diren kudeaketak egiteko garaia da”. Hori dela eta, argi dute auzoko bizilagunek pairatzen dituzten arazoak konpontzeko” kokaleku berri bat” bilatu behar dutela.
Sorlekuko parkea
Osasun zentroaren kokaleku berriaz gain, Soroleku parkea behingoz egiteko eskatu du koalizio moreak. Gonzalezek gogorarazi du 2017an planteatu zuela udal gobernuak parke bat sortzeko aukera eta 2021eko azaroan, bigarrenez, parte hartze prozesu bat egitea erabaki zela. Joan den martxoaren 1ean, aurreproiektua jendaurrean aurkeztu zen, herritarrek oinarrizko proiektua definitu aurretik egindako azken ekarpenak jasotzeko. Ezkerreko koaliziotik premiazkotzat jotzen dute proiektua behin betiko gauzatzea, hainbat urtez hondakin askoren zabortegi bilakatu baita.