'La mesita del comedor' eta 'Cuando acecha la maldad', Beldurrezko Asteko Ikusleen Sariaren irabazleak
Ostiralean bukatu zen Donostiako 34. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, sari banaketarekin eta River (Junta Yamaguchi, 2023) filmaren proiekzioarekin. Horrela, aurtengoan bi izan dira film luze onenaren Ikusleen Saria irabazi duten filmak: La mesita del comedor ( Caye Casas, 2022) eta Cuando acecha la maldad (Demian Rugna, 2023).
Ikusleen gainontzeko sariei dagokienez, Transylvanie (Rodrigue Huart, 2023) izan zen film labur onenaren sariaren irabazlea, Sandwich Cat (David Fidalgo, 2022) animaziozko film labur onenarena eta Ahora vuelvo (Lucas Paulino eta Gabe Ibañez, 2023) Espainiako Estatuko film labur onenarena.
Transylvanie izan da aurten sari gehien eraman dituen lana, film labur onenaren Epaimahaiaren Saria, Europako film labur onenaren Zilarrezko Melies Saria eta film labur onenaren Gazte Epaimahaiaren Saria ere irabazi baitzituen. Era berean, epaimahaiak Louise Groulten Gertrude et Yvan Party Hard (2022) film laburrari aipamen berezia egin zion.
Bestalde, Espainiako Estatuko film labur onenaren Syfy Saria Mortelli, un cas perdut (Ben Fernandez, 2022) obrak irabazi du, eta La espera-k (F. Javier Gutierrez., 2023) film luze onenaren Blogos de Oro Saria. Azkenik, Pantxineta Endemoniata fanzineak irabazi du fanzine onenaren Ikusleen Saria.