Antso Jakitunaren hiribideko bikoitien aldea berrurbanizatzeko lanak adjudikatu dituzte
Amara Berriko Antso Jakitunaren hiribideko atari bikoitien aldea berrurbanizatzeko lanak Urbycolan S.L. enpresari adjudikatu dizkio Donostiako Udalak. 1.153.017 euroko aurrekontua dauka proiektuak, eta sei hilabeteko epean egin beharko dituzte lanak. Europako Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik (Next Generation) datozen funtsekin finantzatuko da kontratua, ia bere osotasunean, Eneko Goia alkateak azaldu duenez. Bestalde, udalak bilera informatibo bat antolatu du ostegunerako (hilak 9), Amara Berri eskolan (Errondo, 9), 19:30ean; bileran proiektua aurkeztuko dute eta lanen planifikazioa eta afekzioak azalduko dituzte.
Egungo zoladura, hiri altzariak eta dauden zerbitzuen azpiegiturak berritzea aurreikusten du proiektuak, baita eremuko hornidura, saneamendua, argiteria eta telekomunikazioak hobetzea ere. Era berean, egungo bi zuhaitz ilarak ia bere osotasunean mantentzea aurreikusten da, baina bidearen ondoan dagoen zuhaitz ilara lorategi eremu handietan bilduko dute, parterreetan; tarteko ilarako zuhaitzak, berriz, tamaina handiagoko txorko berrietan txertatuko dituzte.
Beraz, bidearen ondoko ilarak lorategi gune batzuk izango ditu, beste zati batzuetan autobus geltokietako egungo markesinentzako pasabideak egongo dira, eta pasaguneetan irekiguneak egongo dira bizikletentzako aparkalekuekin, oinezkoentzako pasabideekin eta abarrekin. Horrez gain, errepidea eta oinezkoentzako gunea bereizteko aprobetxatuko dute, “autoek eragindako zarata murriztuz”, udalak azaldu duenez.