Eguzki plakak jarriko dituzte Altza Herri Ikastetxean
Altzako HLHI Herri Ikastetxean instalazio fotovoltaiko bat jartzea aurreikusi du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. 99,19 kilowatteko autokontsumorako instalazio kolektiboa jarriko dute, eta Tokiko Gobernu Batzordeak onartutako proiektuak instalazioa jartzea, legeztatzea eta abiaraztea hartzen du bere gain. Lanak egiteko lizitazio aurrekontua 118.788 eurokoa da, eta lanak adjudikatzen dituztenean zortzi hilabetean egin beharko ditu enpresa adjudikaziodunak.
Udalak azaldu duenez, instalazio horren urteko sorkuntza fotovoltaikoa 98.075 kilowatt-ordukoa izango da, eta horietatik, 83.544 kilowatt-ordu (%85,18) ikastetxearen autokontsumorako izango dira. Horrela, urtean 28.733 euro aurreztea aurreikusten dute (zergak barne). “30 urteren buruan, instalazioak 1.116.585 euro aurreztuko ditu, elektrizitatearen prezioa urtean %2 igoko dela kontuan hartuta”, gaineratu du udalak.