Eredu pedagogikoa berritzeko patio berria estreinatu du Jesuitasek
Jesuitak Donostia ikastetxeak Haur Hezkuntzako patio berria inauguratu du gaur. “Elementu naturalen presentzia eta haur guztien beharretara egokitzen diren guneak” eskaintzeko gaitasuna izan dira espazio pedagogiko berri honen gako nagusiak.
Duela urtebete baino gehiago, hainbat etapatako hezitzaileek eta ikastetxeko pertsonek osatutako diziplina anitzeko talde bat espazio pedagogiko berri hau lantzen hasi zen. Alde batetik, lantaldeak natura ikasleei hurbiltzeko beharra sentitu zuen. Bigarren premisa ikasleen aniztasuna errespetatzen zuten espazioak sortzea zen.
Patio berriak lau gune nagusi
Lanketaren emaitza lau ezaugarri nagusitan oinarritzen da: “Naturarekiko harremana, jolas ez gidatuaren aldeko apustua, gaitasunen garapena eta espazioaren erabilera pedagogikoa”.
Naturari dagokionez, patio berrietan elementu desberdinak sartu dira, besteak beste, landareak, hondarra, edota material naturalak.
Patio berriaren bigarren ezaugarri nabarmena jolas ez gidatuaren hautua izan da. Patioan dauden gune eta elementuek sormena sustatzen dute eta modu desberdinetan jolasteko aukera eskaintzen dute.
Azaldu dutenez, patioa “gune ezin hobea da” motrizitate eta jarduera fisikoari lotutako gaitasunak lantzeko, horregatik, eskalada, alturak eta saltoak bezalako erronkak proposatzen zaizkie ikasleei espazio honetan.
Azkenik, Jesuitak Donostiako taldeak ikastetxeko espazio guztietan ikuspegi pedagogikoa indartzearen garrantzia nabarmendu du, horregatik, patioak proiektu pedagogikoarekin bat egiteko diseinatu dira. Alde batetik, gelen aldamenean egoteak modu errazean atera eta irakastorduen barruan jarduerak kanpoan egiteko aukera eskaintzen du. Bestalde, naturarekin lotutako gaiak lantzen direnean, ikasketak errealitatearekin konektatzeko erabili daitezke.
Ikastetxeak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman dizkio proiektua aurrera eramateko jasotako laguntzagatik. Aurkezpenean izan dira Eneko Goia, Donostiako Alkatea; Fernando Prieto, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuko Obra Hidraulikoetako zuzendaria; Jorge Urrutia, Iparraldeko ikastetxe Jesuiten Koordinatzailea; zuzendaritza taldeko hainbat kide, eta APYMAko ordezkariak (Gurasoen Elkartea).