Hezkuntza Fakultateko «egoera larria» salatzeko mobilizatuko dira ikasleak
EHUko Ibaetako campuseko Hezkuntza Fakultatearen “egoera larria” dela salatzen ari dira bertan irakasle ikasketak egiten ari diren ikasleak: “Badira aste batzuk ikasturtea hasi zela, eta egoera larria da: hainbat irakaslek lan karga handia eta baldintza kaskarrak dituzten bitartean, ikasle asko ez dira klaseak jasotzen ari, EHU aspalditik egoeraren jakitun izan arren. Egoera honen aurrean beharrezkoa da ikasle zein irakasleok batu eta antolatzea”, adierazi du Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) sareetan zabaldutako mezu batean.
Arazo horiez gain, fakultateko hirugarren solairuko gela batzuetan itoginak daude ikasturte hasieratik, eta horrela ari dira klaseak ematen, ikasle batek hedabide honi azaldu dionez: “EHUk badaki zein den egoera, baina ez du konpontzen. Eta gure irakasleak ikasgela aldaketa eskatu zuen, baina esan zioten ez dagoela beste ikasgelarik libre; beraz, itoginekin ari gara klaseak ematen”.
Horrela, UIBek sinadura bilketa abiatu du, eta iragarri du azaroaren 16an mobilizatu egingo direla: “Guk egiten ez badugu ez du inork gugatik egingo, ikas eta lan baldintzen okertzearen aurrean, antolatu!”.