Loiolako kuartelen salerosketa itxi dute
Iazko azaroan adostu zuten Loiolako kuartelen salerosketa udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak, eta orain onartu du salerosketa Espainiako Ministroen Kontseiluak, Eneko Goia alkateak joan den astean iragarri zuen moduan. Atzerapen nabarmenarekin iritsi da salerosketaren sinadura —2022ko amaierarako edo 2023ko hasierarako aurreikusten zuen Goiak iazko azaroan—, baina kuartelak Donostiaren esku daude orain, eta bertan auzune berri bat eraikiko du udalak. Hala ere, gogoratu behar da akordioak zehazten duela militarrek lau urte izango dituztela gunea utzi eta beste espazio batera lekualdatzeko.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluaren erabakiarekin “oso pozik” agertu da Goia: “Erabakia bidearen amaiera da, luzea izan den bide baten amaiera; urte asko dira Donostiako Udalak lur horiek nahi zituela, hiria eraikitzen jarraitzeko. Asko kostatu da, baina azkenean errealitate bihurtu da, atzerapausorik ez duen erabaki batekin. Berri ona da, kostatu den prozesu baten amaiera bikaina”.
Horrela, alkateak gaineratu du potentzial handia duen eremua dela kuartelena: “Orain dagokigu amestea eta irudikatzea zein izango den etorkizuneko Donostia, elementu hori barruan txertatzen delarik. Izugarrizko indarra dauka elementu horrek, hiriaren beste lerro bat marrazten duelako, Intxaurrondo auzoa Urumearekin lotzeko aukera eskaintzen diguna. Gainera, etxebizitzaren inguruan dagoen beharrari erantzun bat emateko aukeraz gain, nik uste dut ekipamenduei dagokienez ere ondo pentsatzea dagokigula orain, guztion artean aztertuta hiri ikuspegitik hor zein ekipamendu egon daitezkeen”.
Ildo horretatik, azaldu du Loiolako kuarteletako planeamendua idazteke dagoela oraindik: “Lanerako proposamen bat dago une honetan mahai gainean, plan orokorraren berrikuspen prozesuaren barruan, eta horretan aurrerapausoak eman beharko ditugu. Planeamenduaren aldaketak ez dira gauza azkarrak izaten, eta baliteke bi urte hartzea prozesu horrek. Hori egitea dagokigu orain, beraiek alde egiten dutenean segidan sartu ahal izateko”.
Militarren lekualdaketari dagokionez, aurreikuspena da ibaiaren beste aldera joango dira, hipika zenaren eremura, baina oraindik ez dago ezer zehaztuta, Goiak adierazi duenez: “Ez digute esan zer asmo duten lekualdaketari dagokionez. Defentsa Ministerioak bi lursailen jabetza mantentzen du Donostian, Lore Tokikoa eta hipikakoa, eta pentsatzen dut horietako batean zerbait egiteko aukera aztertzen ariko direla, baina ofizialki ez digute ezer komunikatu”.
Bost milioi euro orain
Udalak 73,3 milioi euro (73.323.373,38) ordaindu beharko ditu guztira kuartelengatik, baina orain bost milioi aurreratu behar ditu, eta alkateak azaldu du “prest” dituztela: “Jakinarazpena jaso bezain laster egingo dugu ordainketa”. Gainerako dirua honela ordainduko du udalak: 65 milioi inguru eskritura sinatzean (akordioa sinatu eta sei bat hilabetera, ustez) eta hiru milioi inguru operazioaren bukaeran. Azken hiru milioi horiek Espartxoko zubiaren ondoan dagoen erresidentzia militarrari eta Ubako igoeran dauden 80 bat etxebizitzari dagozkie, Defentsa Ministerioak alokairuan dituenak. Eremu horien salerosketa bukaerarako utzi dute, Goiak akordioaren berri ematean esan zuenez, “han bizi diren pertsonen lekualdatzea kudeatu behar delako”.
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak iazko azaroan esan zuenez.
Kuarteletako bi eraikin nagusiak babestuta daude — Infanta Maria Teresa eta Princesa Mercedes—, eta, beraz, ezingo dituzte eraitsi; horregatik, hor ekipamenduak jartzea aurreikusten da. Horrez gain, 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Oraindik ez dago zehaztuta etxebizitza horietako zenbat izango diren babestuak, baina akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak).
Bestalde, eremuan egin beharko dituzten zenbait esku hartzeren berri eman zuen alkateak akordioa azaldu zuenean: Urumearen gertutasunagatik, lurra 2,75 metro igo beharko dute etxebizitzak egiteko; Txomiñenekoaren antzeko ibai parke bat egin beharko dute; bi zubi berri eraiki beharko dituzte; Urdintzuko zubia —militarrek Alfontso XIII.a Espainiako erregearen izena jarri zioten— bota beharko dute, ibaiarentzako oztopoa baita dituen zutabeengatik; eta Lorategi Hiriaren parean oinezkoentzako pasabide bat eraiki beharko dute, Loiolako kuartelen auzune berria Loiolako topoaren geltokiarekin lotzeko.