Maitasuna izango da aurtengo Literaktum jaialdiaren ardatz nagusia
Maitasunaren geografiak du izenburu aurtengo literatura jaialdiak eta gai horren baitan antolatu dituzte 13tik 26ra bitarteko jarduerak. Jon Insausti Kultura Zinegotziak azaldu duenez, “literaturaren gai nagusienetako bat izan da maitasuna eta jaialdiak ikuspegi ezberdinetatik heldu nahi izan dio, eztabaida berrien inguruan aritzeko”. Hala, hamalau hitzaldi, hamabost jarduera berezi (tertuliak, antzerkia eta dantza emanaldiak barne) eta lau erakusketa ondu dituzte. Horrez gain, antolatzaileek adierazi dutenez, haurren irakurketa sustatzeko aprobetxatuko dute jaialdia, eta etxeko txikienentzat eskainiko diren 21 jardueren artean, antzerkia, poesia emanaldia, ilustrazio lehiaketa eta ipuin kontalarien maratoia izango dira, besteak beste.
Gioconda Belli idazlea nikaraguarrarekin abiatuko dute jaialdia hilaren 13an Ernest Lluch Kultur Etxean, eta hortik aurrera hiriko hainbat kultur etxe, antzoki eta museoetatik igaroko dira Antonio Muñoz Molina, Maximo Huerta, Antje Ravic edo Alejando Gándara sortzaileak, besteak beste. Aurten gainera, liburu dendak “berreskuratu” nahi izan ditu jaialdiak eta Elkar eta Zubieta saltokietan Nerea Balda eta Jacobo Bergareche idazleek euren azken lanak izango dituzte hizketagai. Egitarau zabal horren baitan, halaber, Patxi Zubizarreta idazlearen azken eleberria —Loak ezkutatzen duena —aurkeztuko da. Espainiako Literatur Saria eta Euskadiko Haur eta Gazte Literatur Saria irabazi ditu ordiziarrak azken hilabeteotan, eta “bertako sortzaile garrantzitsua” izanik, jaialdian “ezinbestean” egon behar zuela adierazi du Jon Aizpurua Literaktumeko zuzendariak.
Era berean, modu batean zein bestean, urteurrenek ere lekua izango dute Literaktum jaialdian. Mikel Laboa sortzaile handia zendu zela 15 urte beteko dira abenduan, Jules Verneren Munduari bira 80 egunetan argitaratu zela 150 urte beteko dira eta Euskal Irudigileen elkarteak, 20 urte bete ditu. Gauzak horrela, omenaldi bat eskainiko diote urteurren bakoitzari Aiete Kultur Etxean ezarriko diren erakusketen bitartez.
Egitarau osoa eskuragarri dago Literaktumeko webgunean.