Donostian ere, mobilizaziora deitu dute Lizarrako haurraren erailketa gaitzesteko
Euskal Herriko gainerako hiriburuetan egin duten moduan, Donostian ere mobilizaziora deitu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa plataformak. ‘Aski da!’ lelopean, Lizarrako haurraren erailketa salatu eta gaitzetsiko dute bihar, osteguna, 18:00etan, Bulebarrean, egingo duten protestan. Indarkeria bikarioaren salatu ez ezik, “gizartearen antolaketa sexistari” ere erreparatu dio: “Badakigu indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakumeok bizitzako alor guztietan jasaten dugula indarkeria hori. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo politikotzat hartu dadila eskatzen dugu”.
Erailketa matxista
Nafarroan, Urbasa inguruan, zazpi urteko haur baten eta haren aitaren gorpuak aurkitu zituzten atzo. Haien bila ari ziren astelehenetik, haurraren amak haren desagertzearen berri eman zuenetik. Guardia Zibilak aurkitu zituen gorpuak, eta ikerketa bat abiatu zuen heriotzaren nondik norakoak argitzeko. Oraingoz, autopsiaren emaitzek frogatu dute aita-semeak amilduta hil zirela, erortzean egindako zauriengatik, eta aitak semea besoetan bilduta zuela jausi zirenean.