Final-zortzirenetako pasea Anoetan itxi nahi du Realak
Benficari irabaziz gero eta Inter Milanek bere partida irabaziz gero, final-zortzirenetan legoke Reala.
Realak eskura du Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako txartela gaur Anoetan (18:45) lortzea; Benficari irabazi beharko dio horretarako aurrenik, eta Inter Milanek Salzburgori irabazten badio, txuri-urdinak hurrengo faserako sailkatuta egongo dira, multzoen faseko bi partidaren faltan. Izan ere, D multzoko liderra da Imanol Alguacilen taldea, bederatzi puntutik zazpi batuta eta neurketa guztietan maila handia erakutsita.
Hain zuzen ere, Benficaren aurkako joanekoa izan zen jokatu zuten azken neurketa, Lisboan, eta txuri-urdinak 0-1 gailendu ziren, partida ona eginda eta Brais Mendezen gol bati esker. Hala ere, Realak hobe du ez fidatzea, Europako klub historikoen artean baitago Benfica, txapelketa gorena bi aldiz irabazita, beste hainbat lorpenen artean. Aurten, ez du puntu bakar bat ere batzea lortu jokatutako hiru neurketetan, eta, beraz, behar handiarekin iritsiko da Anoetara, multzoko azken postuan dagoelarik. Geratzen zaizkion hiru partidak irabazita oraindik final-zortzirenetarako sailkatzeko aukera dauka, baina oso zaila da hori, eta gutxienez hirugarren postua eskuratu nahi du, Europa Ligara joateko.
Bajak eta hamaikakoak
Alguacilek hamaikako titularra zelairatuko duela aurreikusten da, baina bi jokalarirekin zalantzak daude: Traorerekin eta Barrenetxearekin. Atzelariaren kasuan, zaila dirudi hamaikakoan sartzeko moduan egotea; aurrelariaren kasuan, aldiz, baliteke garaiz errekuperatu izana. Horrela, litekeena da Aritz Elustondok jokatzea atzelari gisa eskuin hegalean, eta Barrenetxeak jokatuko ez balu, Carlos Fernandez edo Sadiq zelairatuko lituzke ziurrenik Alguacilek, Oiartzabal hegal batera lekualdatuz.
Benficaren kasuan, lau bajarekin iritsi da Donostiara: Bah (eskuin hegaleko atzelaria), Neres (ezker hegaleko aurrelaria), Kokçu (erdilaria) eta Bernat (ezker hegaleko atzelaria). Aldiz, joaneko neurketan jokatzerik izan ez zuen Angel Di Maria argentinarra berreskuratu dute portugaldarrek, euren izar handia.