Gabriela Muñagorri donostiarraren erakusketa ikusgai dago Ekain arte galerian
Gabriela Muñagorri artistak (Donostia, 1974) bere izena daraman erakusketa jarri du ikusgai Parte Zaharreko Ekain arte galerian, eta larunbatean (hilak 11) inauguratuko du. Ehunezko hondakinekin sortutako lanak daude ikusgai, eta urtarrilaren 13ra arte bisitatu ahalko da. Galeria 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara dago irekita asteartetik ostiralera, eta 11:30etik 13:30era larunbatetan.
EHUko Arte Ederretako Fakultatean Eskultura espezialitatean lizentziatua da Muñagorri, eta 2011tik modan eta altzairuentzako diseinu osagarriak diseinatzen ditu. Bestalde, 2013tik, ikertzaile independentea da Arte Ederretako Fakultatean, Arte Garaikideko ikerketa programan.
Muñagorrik, bere lantegian, ehunezko hondakin materialak biltzen ditu; haria, zintak eta bere diseinuetatik sobran gelditzen diren ehunezko estanpatu zatiak, besteak beste. Erakusketako piezak aldi desberdinetan sortutako artelanen arteko elkarrizketa da, galeriak berak ohar bidez azaldu duenez: “Erakusketa aretoan zabaltzen diren eta bandera forma hartzen duten bi pieza daude ikusgai. Gainera, eskultura bihurtu diren hiru dimentsiozko hiru piezak ere badaude”.
Horrez gain, bi marrazki serie ere badaude, eta baita erakusketa honetarako argitaratu duten serigrafia ere; 50 ale inprimatu dituzte, eskuz eta hiru kolore tinta kapaz. Marrazkiak 40×50 zentimetro neurtzen du, eta ale bakoitza bere karpetan bilduta dago. Bertan, egilearen ibilbide laburra dago inprimatuta.