'Godoten esperoan' antzezlana estreinakoz taularatuko dute euskaraz
Zurriola Antzerki Eskolak Godoten esperoan lana antzeztuko du hurrengo asteartean (hilak 14) Egiako Gazteszena aretoan, 19:30ean. Samuel Beckett dramaturgo ezagunaren (Dublin, Irlanda, 1906—Paris, Frantzia, 1989) En attendant Godot (1952) lanaren egokitzapena da, eta euskaraz taularatuko den lehenengo aldia izango da. Honakoa da obraren sinopsia: Godoten esperoan, edo gizakiaren xelebretasun tragikoa gordin antzezturik (birritan, behin eta berriro, ez da deus gertatzen). Bide galdu batean, Vladimir eta Estragon esperoan daude, berek ere garbi ez daukatelarik zinezko esperantzaz ari diren ala denbora eta etsipena engainatu beharrez.
Bi ekitaldiko tragikomedia bat da, antzerki absurdoaren generokoa. 1940ko hamarkadaren amaieran idatzi zuen Beckettek, eta 1952an argitaratu zuen, frantsesez —bere bigarren hizkuntza zen—. Ondoren, Beckettek berak egin zuen ingelesezko itzulpena, eta 1955ean argitaratu zuen. Ordutik, hainbat hizkuntzatan taularatu dute.
Zurriola Antzerki Eskolak “euskararen eta antzerki amateurraren alde egiten duen apustu eta lanari jarraiki, Juan Garzia Garmendiak euskaratutako lana antzeztuko du”, azaldu du eskolak berak. Joserra Fachado Alberdik zuzendu du antzezlana eta aktore lanetan Nerea Arriola, Aitor Andonegi, Amaia Elizalde, Izaskun Labat, Josu Ariño eta Jasone Artutxa arituko dira. “Euskaraz lan hau lehen aldiz antzeztea erronka eta ohorea izan da”, nabarmendu du Zurriola Antzerki Eskolak. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 5 euroan.