Kemen kirol klubak desgaitasuna duten atleten 38. Behobia aurkeztu du
Behobiaren asteburuaren atarian, desgaitasuna duten pertsonen lehiaketa aurkeztu du Kemen Kirol Klubak. Aurten, aurreko urteetan baina jende gutxiagok hartuko du parte, Fernando Mitxelena zuzendariak azaldu duenez, “kirolari askok Parisko olinpiar jokoetan jarri dutelako burua, eta euren prestaketarako bortitzegia delako Behobia”. Orotara, 64 kirolari egongo dira Behobia eta Donostiako bulebarraren arteko kirol proba egiten, eta aurten gorren kategoria “sendotu” dute.
38. edizioan, hogei kirolari arituko dira gurpil bizikletan, eta aldiz, bi soilik izango dira gurpildun aulkien kategorian parte hartuko dutenak. “Jende asko gurpildun aulkitik gurpil bizikletara pasa da, abiadurekin aldapak errazago igotzen direlako”, gogorarazi du Mitxelenak. Gurpil bizikletan, Kemen taldeko Ion Galarraga, Hilario Olano, Igor Elizburu eta Mikel Goikoetxea arituko dira lehian, frantziar eta espainiar estatutik etorritako ordezkaritzaren aurka.
Ikusmen urritasuna duten kategorietan, berriz, hamazazpi pertsona arituko dira lehian, atleta eta gidari artean. Bereziki, ikusmena erabat galdu dutenen B2 kategoria nabarmendu du Mitxelenak, hamar lagunen parte hartzearekin iazko kopurua bikoiztea lortu dutelako. Aurtengo lorpena, ordea, atleta gorren lasterketan izan dute; izan ere, 20 lagunek eman dute izena eta iazko parte hartzaile kopurua laukoiztu dute. Era berean, desgaitasuna duten bost atletek oinez egingo dituzte ibilbidearen 20 kilometroak.
Boluntarioen lana eta aitortza
Urtero bezala, boluntarioen lana “ezinbestekoa” dela onartu du klubeko zuzendariak. Aurten, 200 pertsona inguru arduratuko dira kirolariak eta euren materiala garraiatzeaz, eta helmugako harrera egiteaz. Horrez gain, egokitutako autobus bat, lau mikrobus, bi furgoneta eta kamioi bat erabiliko dute aulkiak eta gurpil bizikletak batetik bestera garraiatzeko. “Lan handiko asteburua” dela onartzen dute, baina bildutako esperientziarekin lasai egiten diote aurre, “bakoitzak bere egitekoa oso argi duelako”.
Era berean, urtero legez, Lurdes Zubillaga zendutako boluntarioaren izenean sortutako saria banatuko dute, elkartearekin konprometitua dagoen pertsona baten lana omentzeko.