Renfek zerbitzu berezia eskainiko du igandean, Behobia-Donostia dela eta
Behobia-Donostia lasterketaren 58. edizioa dela eta, Renfek garraio dispositibo berezi bat antolatu du lasterketako antolakuntzarekin elkarlanean, tren erregularren plazak indartu eta aldiriko tren bereziak martxan jartzeko.
Renfek jakitera eman duenez, korrikalarientzako txartelak autosalmentako makinetan eta leihatiletan jarri ditu eskuragarri, euro bateko prezioan. Txartel horren bitartez, edozein geltokitatik Irungo geltokira joateko aukera izango dute lasterketan parte hartuko duten korrikalariek, eta handik irteerara zuzenean eramango dituzten autobusak izango dituzte eskuragarri. Renferen zerbitzu berezia martxan jarrita, jaiegun bateko ohiko zerbitzua baino 5.000 plaza gehiago eskainiko dira. Hala, sei tren iritsiko dira Irunera 08:00etatik 10:56ra bitarte. Lehenengoa Tolosatik aterako da 7.03etan, eta azkena Zumarragatik 09:23etan.