Trantsizio energetikoaren inguruko hitzaldiak egingo ditu Greenpeacek ostegunetik igandera bitarte
Greenpeacek Trantsizio Energetikoari buruzko Jardunaldiei hasiera emango die ostegun honetan Donostian, ‘Europan energia berriztagarrietara azkarrago eta bidezkoago igarotzeko jarraibideak’ txostenaren aurkezpenarekin. Erakunde ekologistak zehaztu duenez, jardunaldiak iganderaino luzatuko dira Amara Berriko Ernest Lluch Kultur Etxean, eta jende guztiarentzat zabalik daude, aldez aurretik izena eman behar gabe.
Osteguneko jardunaldian, adituekin egingo dute solasaldia. Bertan, Euskal Herrian energia berriztagarriak instalatzeko eramandako jardunbide on eta txarrak azalduko dira, eta administrazioaren, irakaskuntzaren eta komunikazioaren esparruetatik proposamenak plazaratzeko helburua dute, “biodibertsitatea eta pertsonak errespetatuko dituen” energia berriztagarrien ezarpena bizkortu ahal izateko.
Jardunaldietan parte hartuko dute Sagrario Monedero, Greenpeaceko zuzendaritza taldeko kideak; Sara Pizzinato, energia berriztagarrien kanpainaren eta Greenpeaceko lurraldearen arduradunak; eta Rita Delia Roldan, Barasoaingo alkateak (Nafarroa). Haiez gain, Aitor Urresti, energiaren sektoreko aditua; Josu Larrinaga, EHUko EKOPOL taldekoa; eta Aitziber Agirre, ingurumen dibulgazioan aditua egongo dira.
Gainerako egunetarako dozena erdi ekitaldi antolatu dira; Greenpeaceko boluntarioen esperientziak eta herritarren ekimen arrakastatsuak partekatzeaz gain, ekofeminismotik abiatutako trantsizio energetikoari buruzko mahai ingurua, eta eguzki paneletara pasatzeko moduari buruzko hitzaldia izango dute besteak beste.