Askatu dituzte Anoetako partidaren aurreko istiluetan atxilotutako lau pertsonak
Realaren eta Benficaren arteko Txapeldunen Ligako partida baino lehen atzo izandako istiluengatik atxilotutako lau pertsonak aske geratu dira epaitegian deklaratu ostean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
21, 26, 32 eta 42 urteko atxilotuek komisarian igaro dute gaua, eta epaitegiaren esku utzi dituzte gaur. Epaileak lau lagunak aske uztea agindu du, baina, hala ere, Segurtasun Sailak ez du jakinarazi epaileak kautelazko neurriren bat ezarri ote dien.
Atxiloketa horiez gain, Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du Anoetan bengalak piztu eta harmailetara jaurti zituzten zale portugaldarrak nor ziren jakiteko.