Donostiak tokiko agintarien nazioarteko topaketak antolatuko ditu gizarte ekonomiaren inguruan aritzeko
Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren aitzakiapean, nazioarteko ehunka profesional eta aditu Donostian izango dira datorren astean. Azaroaren 13tik 17ra, gizarte ekonomiaren alorreko dozena bat eragilek antolatutako ekitaldiak eta topaketak egingo dira hirian, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, gizartearen eta lurraldearen ongizatean oinarritutako eredu ekonomikoaren alde egiten duen enpresa eredua balioan jarriko dute.
Hiriburutzaren programako mugarri garrantzitsu batekin hasiko da astea: Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak antolatutako Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Konferentzia. ‘Pertsonak. Planeta. Ekin’ izenburupean, 550 adituk hartuko dute parte azaroaren 13an eta 14an Kursaal Jauregian egingo diren topaketetan.
Konferentzian izango diren hizlarien artean, hauek nabarmentzen dira: Yolanda Diaz, Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordea eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa; Nicolas Schmit, Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Eskubideen komisarioa; Mia Seppo, LANE Lanaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusi albokoa; Antonella Noya, ELGA Gizarte Ekonomia eta Gizarte Berrikuntza Unitateko burua; Juan Antonio Pedreño, Social Economy Europe eta CEPESeko presidentea; eta Jeerome Saddier, Social Economy Europeko presidenteordea eta ESS-Franceko presidentea.
Enplegu azoka
Topaketen egitarauaren baitan, halaber, enplegu azoka antolatu dute hilaren 16an eta 17an. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Lanbidek gizarte ekonomiako 150 enpresen eta enplegu bila dabiltzan herritarren arteko topagunea sortzea dute helburu. Azaldu dutenez, parte hartzea herritar ororentzat irekia egongo da, baina beharrezkoa izango da aldez aurretik webgunean izena ematea.