Final-zortzirenetara, erraztasunez
Lisboako joanekoan nagusi izan bazen, Anoetan are nagusiago izan zen Reala atzo, eta erraz irabazi zion Benficari, final-zortzirenetarako txartela lortuz. Azken urteotako jokorik eraginkorrena egiten ari da Imanol Alguacilen taldea, eta, aurten bai, Europako handiei aurrez aurre begiratzen ari da. Horren erakusgarri da Lisboako taldea ordu erdian utzi zuela punturik lortzeko aukerarik gabe. Hain zuzen ere, 26. minuturako hiru gol sartu zituzten txuri-urdinek, beste bat bertan behera utzi zuen epaileak eta penalti bat zutoinera bota zuen Braisek. Partida sendoa egin zuen talde guztiak, atzelarietatik aurrelarietara.
Lehenengo saiakera Benficarena izan zen, baina ez zuen arrisku nabarmenik sortu Remiroren atean. Hortik aurrera, Realak partidaren kontrola bereganatu zuen, eta festa iritsi zen: zazpigarren minutuan, Merinok Aihenen jaurtiketa baten errebotea buruz harrapatu eta sarera bidali zuen; hamaikagarrenean, Oiartzabal adi ibili zen, eta Florentino atzelariaren pase txar bat harrapatu eta bigarrena egin zuen; hamabosgarrenean, Merinori bigarrena bertan behera utzi zioten, baloia eskuarekin ukitu zuelako; hogeigarrenean, Barrenetxeak eguneko gol onena egin zuen, ezker hegaletik errekorte bat egin eta jaurtiketa bikain bat eginda; eta, 26.ean, Oiartzabali penalti egin zioten, baina Brais Mendezek zutoinera bidali zuen jaurtiketa.
Neurketa menderatuta, Reala nagusi izan zen lehenengo zati osoan zehar. Bigarren zatia hastean, ordea, Rafa Silvak distantzia murriztu zuen, 3-1ekoa eginda. Minutu on batzuk izan zituen orduan talde portugaldarrak, baina bere zale batzuk bengalak pizten hasi ziren harmailan, eta bengaletako bi realzaleen harmailetara bota zituzten, hain zuzen ere, harmaila familiarra dagoen tokira. Horrek giroa nahasi zuen, eta Benficaren minutu onak hor bukatu ziren, txuri-urdinek partidaren kontrola berreskuratu baitzuten, Zubimendiren eskutik bereziki. Hortik aurrera, argi zegoen puntuak etxean geldituko zirela.
Gauean, Inter Milanek Salzburgori irabazi zion, eta, beraz, Reala matematikoki final-zortzirenetarako sailkatuta dago jada. D multzoko liderra da orain talde donostiarra, baina lidergoa ez dago erabakita, italiarrekin berdinduta baitago. Hilaren 29an etxean jokatuko du Realak Salzburgoren aurka, eta abenduaren 12an Inter Milan bisitatuko du.
Istiluak eta atxilotuak
Partidaren aurretik istilu larriak gertatu ziren Amara Berrin, Benficako eta Realeko ultren artean. Portugaldarrak Armeria plazara sartu ziren Realekoak erasotzera, hain zuzen ere, realzale ugari —ultrak eta ez ultrak— partiden aurretik biltzen diren plazara. Istilu larriak gertatu ziren, sareetan zabalduko hainbat bideotan ikus daitekeen moduan.
Azkenean, Ertzaintzak lau lagun atxilotu zituen istiluekin lotuta, baina ez dute zehaztu zein taldetako zaleak diren atxilotuak. Realak, bere aldetik, bart jakinarazi zuen estadioan bertan identifikazioak eta materialaren konfiskatzea egiten aritu zirela.
🔴Istilu larriak izaten ari dira oraintxe bertan Amaran, Realaren eta Benficaren partiduaren aurretik. pic.twitter.com/fQ4qlLKGEW
— Irutxuloko Hitza (@irutxulo) November 8, 2023
🗣 Aperribay: "Hiru atxilotu daude eta material guztia konfiskatu dugu. Denarekin joango gara haien aurka".#UCL | #WeareReal https://t.co/9hfZFFimlU pic.twitter.com/SmFP2BAzwE
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) November 8, 2023
Palestinari elkartasuna
Partida hasi aurretik, Bultzada Txuri Urdinak Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israel gauzatzen ari den genozidioa salatzeko ekintza egin zuen Aitor Zabaleta harmailan. Odola irudikatzen zuen kolore gorriz zikindutako mono zuriekin atera ziren hainbat kide harmailara, eta Palestinako banderak eskuan, “Palestina askatu!” eta “Puta Israel!” oihukatu zuten. IRUTXULOKO HITZA han izan zen, eta jarraian ikus dezakezue bideoa:
Palestinari elkartasuna adierazi dio Bultzadak Benficaren aurkako partidaren hasieran, “Palestina askatu!” oihu artean.@BultzadaTX @irutxulo #RealSociedadBenfica #PalestinaAskatu pic.twitter.com/NVoEFOVpPU
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) November 8, 2023